GARA > Idatzia > Euskal Herria

Alderdiek EHBai-ren apustua ez badute egiten, Euskal Herriaren Alde aurkeztuko da

p015_f01_148x108.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoarentzat egungo testuinguruak berebiziko garrantzia duela nabarmenduta, Euskal Herriaren Alde (EHA) azken Europako hauteskundeetan ezkerreko abertzalez osatutako hautagaitzako ordezkariek datozen bozei begira «ardura handia sentitzen» dutela adierazi zuten atzo, Baionan.

Beren esanetan, orduan izandako emaitzek (5.639 boz) agerian utzi zuten «ezkerreko abertzaletasunari tokia eman behar zaiola eremu politikoan». Horregatik preseski, alderdien arteko zatiketa ikusirik, deliberatu zuten Europako hauteskundeetan aurkeztea, autodeterminazio eskubidea, autonomiaren bitarteko eskakizuna eta ultraliberalismoaren kontrako borrokak ardatz hartuta.

Datorren martxoan Akitaniako eskualdeko Kontseilua berritzeko hauteskundeen atarian izaki, arrangura bera dute EHAko kideek. Joan den uztailean publikoki agertu zuten moduan, beraiek hobesten duten aukera Euskal Herria Bai formula dela argitu zuten. Alta, alderdiek apustu hori egiten ez badute, lehengo bidea hartu eta, berriro ere, hautagaitza bat antolatzeari ekingo diotela adierazi zuten.

Ipar Euskal Herrian ezkerreko proiektu abertzalea «errotuta» dagoela nabaria da EHAren iritziz, baina, aldi berean, hautes-eremuan ere «indarrak batzeko abertzaleen nahia eta premia» begi bistakoak dira. «Elkarrekin lan egitera behartuak gira», esan zuten Ixabel Etxeberriak eta Santiago Capendeguyk.

EHArentzat behar hori are eta ageriago azaltzen da, Parisen aldetik «inolako aldaketarik sumatzen ez delarik, errepresioaren areagotzean ez bada».

EHAren ustez, eskualdeko hauteskundeak ez ezik, ondoko hilabeteetan badira «abertzaleei Ipar Euskal Herriarentzat anbizio gehiago ukaitea eskatuko dioten arazoak».

Biltzarra, abenduaren 12an

«Horien artean, erakundeen erreforma, ikusten denez Estatuko zentralismoa indartu eta egungo `pays' egiturak berak desagerraraziko dituena edota autonomiaren eskaeraren hedapena» esan zuen Etxeberriak, Bateraren kontsultaren ekimena aipatzea ahantzi gabe.

Gainera, eskualdeko bozen ostean, irekiko den hautes-ziklo luzea gogora ekarri zuten (kantonamendukoak, parlamentukoak eta presidentetzakoak eta Lurralde Kontseilu berrikoak), hitzorduok ere abertzaletasunaren perspektiban kontuan hartu behar direla nabarmenduta.

Horrez guztiaz hausnartzeko xedearekin, EHAk ezkerreko abertzale orori irekitako biltzarra egingo du abenduaren 12an.

Batasunak ere dei egin zuen ekainaren 30ean indar abertzaleak elkarrekin aurkeztera. Gainerako alderdi abertzaleek ez dute oraindik beren hautua egin edo jakinarazi.

PNBk, Batasuna tartean bada, ez duela koaliziorik egingo esan zuen irailean. EA zer egin aztertzen ari da, eta ABk berriz, azaroaren 14ko batzarrean erabakiko du bere jarrera. Besteren artean, Berdeekin eta independenteekin Europa Ecologie bezalako formula berritzeko aukera aztertuko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo