GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herritarren artean aniztasuna sustatzeko ekimena jarri du abian Usurbilgo Udalak

p015_f01_312x321.jpg

GARA

Jatorri desberdineko herritarrek herri bera konpartitzea gurean aspalditik ezaguna den arren, migrazio prozesuen kudeaketa gizartearentzat eta administrazio publikoarentzat «erronka» bilakatu dela uste du Usurbilgo gobernu taldeak. Eta, ondorioz, erronka horri aurre egiteko sentsibilizazio prozesua abian jarri du, «elkarren aitortzan oinarritutako politikak abian jartzeko beharrezko baldintzak» sortzeko asmoarekin.

Udaletxean egindako agerraldian, Usurbilgo alkate Xabier Mikel Errekondok hausnarketarako prozesu honen beharra nabarmendu zuen. Jarraian, prozesuak «gehitzailea eta parte hartzailea» izan behar duela defendatu zuen.

Prozesua konpromiso bikoitz baten ezarpenean oinarritu dela adierazi zuen. Batetik, gure artean bizitzera etorri diren migratzaileek Euskal Herria existitzen dela jakitea eta nazio bezala dagozkion eskubide politiko, sozial, kultural eta linguistikoak aitortzea; eta bestetik, migratzaileak historia, hizkuntza, kultura, identitate eta naziotasun propioa duten subjektu gisa onartuak izatea.

Prentsaren aurrean nabarmendu zutenez, beste herrialde batzuetatik etorritako etorkinei honako mezu hau helarazi nahi diete Usurbileko Udaletik: Euskal Herrian eskubide osoko herritar gisa aitortuak izateko ez diote bere izaera propioari uko egin beharrik.

Sentsibilizazio prozesu honekin diagnosi kuantitatibo bat egin nahi da, Usurbileko benetako argazkia eskuratuz. Era berean, herritarren artean migrazioaren eta aniztasunaren inguruko sentsibilizazioa hedatzea lortu nahi da, horrela egun egon daitezkeen mesfidantzak gainditu eta aniztasuna arazo baino fenomeno positibo gisa hedatzeko.

Udal ekimen honen dinamizazioa Usurbilgo Udalaren esku egongo den arren, Anitzak ekimenaren laguntza ere izango dute.

Diagnosi kuantitatiboa egin ostean, herriko eragileen eta herritarren artean hausnarketa eta eztabaidarako elkargunea osatuko da. Bertan, aniztasuna eta migrazioak, hezkuntza eta hizkuntza, eta herrien arteko elkartasuna, lankidetza eta kooperazioa bezalako gaiak landu eta eztabaidatuko dituzte.

Prozesuari amaiera ludikoa emateko, Aniztasunaren Eguna ospatuko dute azaroaren 16an. Ekitaldi nagusia arratsaldeko seietan izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo