GARA > Idatzia > Kultura

Bergara eta Gasteiz, prest Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoak hartzeko

I. A. | GASTEIZ

BECen izango den finalak bereziki arreta handia piztu arren, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren fase guztiak ari dira publikoaren harrera ezin hobea jasotzen. Asteburu honetan finalaurrekoen lehen itzulia hasiko da, Bergaran eta Gasteizen, larunbatean eta igandean, hurrenez hurren, ospatuko diren saioetan.

Bergarako hitzordua arrakastatsua izango dela aurreikustea dago, antolatzaileek hartutako erabakiei so eginez gero. Lehenik eta behin, udal pilotalekuan egin ordez, Labegaraietako kiroldegian egitea erabaki dute. Atzo finalaurrekoak aurkezteko egin zuten agerraldian azaldu zutenaren arabera, jende gehiagok saioa bertatik bertara ikusi ahal izatea da aldaketa horren arrazoia. Horrez gain, Interneten bidez salgai jarritako sarrerak jada agortu direla iragarri zuten. Jakinarazi zuten, hala ere, 250 sarrera gorde dituztela egunean bertan saltzeko. 16.00etan zabalduko dute leihatila, eta saioa 17.30ean hastekoa da. Bertan, Aitor Mendiluze, Fredi Paia, Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin eta Etxahun Lekue izango dira.

Gasteizen izango da hurrengo saioa, igandean hain zuzen. Lurralde honetan bertsolaritzak dituen jarraitzaileak gero eta gehiago direla nabarmendu zuten atzoko prentsaurrekoan. Aurten, jende gehiago biltzeko asmoz txapelketan ohiko den Printzipal Antzokian egin ordez, Europa Pabiloian egitea erabaki dute, honakoan ere, publiko gehiago biltzeko. Interneten bidez sarrerak erosteko aukera badago; hortaz bide hau aukeratzen duenak www.bertsosarrerak.eu webgunearen bidez eros dezake sarrera, ostegun gauerdira arte.

Saio honetan Unai Iturriaga, Xabi Paya, Iñaki Zelaia, Miren Amuriza, Maddalen Arzallus eta Arkaitz Estiballes izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo