Oihana Etxebarrieta Legrand eta Ainhoa Mijangos Ikasle Abertzaleak
Marra gorria, hezkuntza sistema patriarkalari
Gaur egun gizarte kapitalista patriarkalean emakume edo gizon zibilizatuak izatera bultzatzen gaitu hezkuntzak. Ez du pertsonen araberako hezkuntza bermatzen, generoen araberakoa baizik
Berriro ere kalean gara emakumeon kontrako indarkeria salatzeko. Oraingoan Nagore Laffage gazte irundarraren hilketa salatzeko. Haren hiltzailearen kontrako epaiketa hasi dela-eta hainbat mobilizazio deitu ditu haren familiak mugimendu feministaren laguntzarekin. Urtebete baino pixka bat gehiago pasa da gaztea hil zutenetik. Urtebete horretan, astero-astero atera da Nagoreren familia kalera justizia eskatzeko. Astero-astero atera dira kalera milaka herritar justizia eskatzeko. Guk haien eskaerarekin bat egin nahi dugu, eta sostengu guztia eman, baina horretaz gain, guk hezkidetza ere eskatu nahi dugu.
Badakigu berdintasun faltsuaren gizartean bizi garela. Badakigu oraindik ere emakumea zapaldua dela testuinguru guztietan. Nola izango da posible, bestela, aurtengoan horrenbeste emakume hiltzea bere senar-bikotekide-lagunaren eskuetan? Gaurkoan emakume horiek ere gogoan izan nahi ditugu.
Gizon matxista horien buruetan dagoena ez da kasualitatez haien garunetara iritsi. Ez dute doktrina bat asmatu. Kasualitate gehiegi izango litzateke, ezta? Gizon horien buruetan patriarkatua dago, eta hori elikatzeko tresna desberdinak erabiltzen ditu gizarte matxistak: hedabideak, lan baldintzak, kultura, familia... Baina gatozen gure harira, faktorerik garrantzitsuenetarikoa baita gu kokatzen garen eremukoa: hezkuntza. Hezkuntzak etorkizuneko gizon-emakumeak sortzen ditu. Hezkuntzak baloreak transmititzen ditu. Hezkuntzak inguratzen gaituen gizartean pertsona zibilizatuak izaten irakasten digu. Eta gaur egun gizarte kapitalista patriarkalean emakume edo gizon zibilizatuak izatera bultzatzen gaitu hezkuntzak. Ez du pertsonen araberako hezkuntza bermatzen, generoen araberakoa baizik. Horrek genero bietako bati nagusitasuna ematera garamatza. Gure kasuan gizonezkoaren rolari. Horrela, emakumea gutxietsi eta bigarren plano batean kokatzen du, plano pribatuan, nagusitasun guztia eta plano publikoa gizonezkoari utziz. Horregatik gertatzen dira gertatzen direnak, eta ez soilik emakumeen hilketak. Hain ikusgarriak ez diren beste hainbat egoera topatu ditzakegu gure egunerokotasunean: bere gorputz eta itxuraz soilik pentsatzen duen emakumea sortzea, emakumeak historian izan duen papera ezkutatzea, hizkuntza sexista, desberdintasun nabariak eskolan neskak edo mutilak tratatzeko orduan... Hauek guztiak indarkeriaren beste agerpen batzuk dira, eta horiek guztiak behingoz amaitzea nahi dugu.
Horretarako, ikasleok balore positiboetan eta guztioi geure berezitasuna errespetatuz berdin heziko gaituen hezkuntza bat eskatzen dugu. Horrek jendarte justuago eta parekide batera eramango gaituela uste dugu, hezkuntza guztiaren oinarrian dagoen elementutzat hartzen baitugu. Beraz, oraingoan Nagore Laffageren familiari sostengua emateko kontzentrazioetara joateko deialdia egiten diogu ikasleria guztiari, eta beraz, baita datorren larunbatean, Irunen, 11:30ean egingo den kontzentraziora ere. Baina borroka ez da gaur amaitzen, eta egunero-egunero gure ikastetxe eta fakultateetan parekidetasuna bermatuko duen hezkuntza hezkidetzailea aldarrikatu eta haren alde borrokatuko dugu!
Hezkuntza sistema patriarkalari, marra gorria! Ikasleok, hezkidetza!