GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Pello Zabala | eguraldi aditua

Azaroaren koska

Uda girotik negurakoa malkar-mendia izanik, badu pendiz eta maldarik negua noiz antzemango. Modoxo etorri zaigu udazkenaren lehen atala. Astea eguzkitsu, hurrengoa zeru tapakiz eta euri mantsoz. Txandaka, guztiz txandakako markatuan joan zaigu, ilargi  koskak tentuz eta zuzenki zainduz, asteburuan egokitu ere ilargi laurdenak, txandapasorik gabe.

Udazkena zabaldu aurrez, ordea, irailaren 18ko ilberri ttikiak, sekulakoak eta bi eman nahi izan zituen: 120 litro, trumoi saio eta guzti, 50 ordutan, barrualdean. Kontu ugariagoak atera dituzte nola Lekeition hala Bermeon, eta zeresanik ez Baiona zaharrean. Jendea sustoz izutu bailuen, 14 egun oparitu zizkigun, bi astez ateri, bakeoso eta mantso. Eta aipatu txandak etorri ziren ondorio.

Noski, berrogeialdia izan da aurreko hau: ilberri ttattarretik, ilbete-ilberri-ilbete artiokoa, antzina hain aipatuak ziren "berrogeialdi" haietakoa, udazken atsegin mantsoarekikoa.

40 egunen ostean, zer? «Aurten ez al dator negurik, edo zer?», «Elurrik gabeko udazkena al degu, edo...?»... antzerakoak entzunda nago,  aldameneko ehiztariak galderok isilarazi bazituen ere...

Ilberriak eman zuen berea, orduan. Pasa dio txanda ilbete panpoxari. Eta? Ilberriak lehen egunetik ematen badu ere eman beharrekoa, ilbeteak 3. eta 6. egunetan ematen du bere asmoa. Atzo genuen asteleheneko ilbete-taloaren 3. eguna; etzi izango da 6.a. Atera kontuak! Bien bitartekoak, oasi ttikiak izan daitezke.

Azaroak eman nahi duela negu itxura? Ez zien asko inporta gure aurrekoei: «Azaroan ortzia, urte onaren mentura» ziotsaten lasai asko. Eta hala nahiago, hazia onbidetik ibiliko bazen. Edo beste hau: «Hazila hotz, negua motz; hazila bero, negua gero»; bietatik zein nahiago?

Pozgarria zuten/zaigu, adinean aurreratuoi batipat, beste hau ere: «Hazileko ortzia, neguko iguzkia». Ea portatzen den: trazak halakoxeak ditu dagoeneko...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo