GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

Immigrazioa eta kulturartekotasunaren harira zinema, tailerrak eta hitzaldiak izango dira

GARA | BILBO

«Myna se va» filmak eman zion atzo hasiera Bilboko Immigrazio eta Kulturartekotasunaren Asteari. Datorren azaroaren 10a bitartean hainbat jardunaldi eta ekintza egingo dituzte etorkinekin eta jendearen joan-etorriak sustatzen duen kultura eta ohitura nahasketarekin zerikusia dutenak. Hala, bost egunetan zehar gai horren ingurukoak jorratzeko hainbat ekintza antolatuta dituzte: film eta dokumental proiekzioak, adituen hitzaldiak, eta txikiei zuzendutako tailerrak izango dira, besteak beste. Immigrazio eta kulturartekotasunaren Astea «Myna se va» film luzearekin hasi dute, Sonia Escolano eta Sadrac Gonzalez espainiarrek zuzendutako lan horrek nazioarteko hamahiru zinemalditan parte hartu du, eta bost jaialditan saria eskuratu du, film nahiz antzezle onenaren sariak, hain zuzen. Atzerriko ibilbide horren ostean, Bilbora heldu berri da.

Pelikula honetan Estatu espainoleko zinemagintzan egin den sekuentzia planorik luzeena ikus daiteke, lehenago inoiz egin ez dena. Mozketarik gabe 33 minutu luze dituen plano sekuentzia filmatu dute, erdigunean aktoreen ekintza bera agertzen dela.

Proiekzioez gain, bi hizketaldi izango dira aditu zein parte-hartzaileen artean. Lehen hizketaldiak «Emakumeak, joan eta etorriko bidaia» du izena, gaur egingo dute Multicines aretoetan, 20.00etan. Bigarrena, berriz, astelehenean izango da «Gazteak, benetako kulturartekotasuna?» izenburupean leku eta ordu berean. Erakusketei dagokienez, «Immigrazioa eta lana» izenekoa dago Bilboko Cafe Iruña tabernan datorren azaroaren 8ra arte.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo