GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Kirol eskalada 9a+/b

Adam Ondra artistaren diz-diz sendoa, mugatik haratago

16 urteko eskalatzaile txekiarrak «Marina Superstar» bidea sinatu berri du Sardinian. Bere bide gogorrena dela adierazi eta 9a+/b proposatu du. Bitartean, Patxi UsobiagaK «Demagun» sinatu du: 8c+ edo 9a.

p047_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Adam Ondraren sasoiak bere horretan jarraitzen du. Motorra puntu-puntuan du, eta, matxurarik ez duenez, ibilbide ederra egiten ari da. Dagoeneko, 9a zailtasunetik gorako hamasei bide sinatu ditu. Agian kopuru hori «normala» izan daiteke eskalatzaile beterano batentzat, baina eskalatzaile txekiarrak 16 urte soilik ditu.

Zerrenda horretan, besteak beste, 9a+ graduko lau bide ditu: «La Rambla», «Papichulo», «Open Air» eta «Corona». Bada urriaren 20an lau bide horiek atzean utzi eta 9a+/b zailtasuneko berri bat poltsikoratu du Sardinian: «Marina Suprestar». Marraren lehen igoera denez, txekiarrak, jakina, proposamena egin du; proposamena egiterakoan, inoiz egin duen biderik gogorrena dela adierazi du.

Pasa den hilabeteko hainbat egun Mediterraneoko uhartean pasa zituen. Izan ere, Sardinian, San Giovanni izeneko kobazuloan, erronka erakargarriak zituen. Eta, jakina, «Marina Superstar» bideak lehentasun osoa zuen. Eskalatzaile gazteak adierazi duenez, erronka horretan buru-belarri murgildu zen iaz: «San Giovanni kobazulo naturala da, eta haren sarreraren eskuinean dagoen ertzetik doa `Marina Superstar' bidea. Guztira, 35 metro luze da, eta erori handikoa (50º). Lehen zatia 8b+ ingurukoa da. Iaz, Matteo Marinik bidearen erdi aldera kate bat jarri zuen, eta 8c/c+ ateratzen da. Hortik gora, berriz, pazientzia handia eskatzen du. Lasai hartu nuen, eta ondoan dagoen `Campo con Corvi' proiektuan sartu eta hori ere poltsikoratu nuen. Uste dut 9a izan daitekeela».

Gogorrena

Urtebete beranduago, txekiarra Sardiniako kobazulo horretara itzuli da, zintzilik utzitako xedea bukatu nahi zuelako. Jakin bazekien «Marina Superstar» kateatzeko lehen zatian azkar joan behar zuela, hala, jarraian, katearen gaineko sekzioan fresko eskalatu ahal izateko. Bidearen giltza zen. Aurretik, blokeko 7c+ graduko zati bat. Ondoren, helduleku handiak baina oso urrun zeuden sei mugimendu. Eta, bukatzeko, erori handia duen 15 metroko tartea.

Probatzen hasi eta lehen bi egunetan bidearen giltzan erori zen: «Hirugarrenean zein laugarrenean helduleku bana puskatu nituen. Ondorioz, beste mugimendu batzuk egin beharra izan nuen, baina mugimendu horiek bustita zeuden. Laugarren egunean nahiko presionatuta nengoen. Eguraldia oso egonkorra eta ona zen, baina aldaketa iragarri zuten. Azkenean, bidean sartu eta katera heldu nintzen».

Urriaren 20a zen; biharamunean euria azaldu eta bidea erabat blai utzi zuen. Marraren proposamena egin behar zuen, eta Ondrak 9a+/b bezala aurkeztu du: «Nire ustez, inoiz egin dudan biderik gogorrena da; eskalatu ditudan 9a+ gradukoak baino gogorragoa. Onartu behar dut ere bide hau ez dela guztiz nire estilokoa, eta ondorioz den-dena eman beharra izan dudala. Nik nahiago ditut erori gutxiko bideak».

Usobiaga, Mugarran

Bien bitartean, Patxi Usobiaga Mugarran izan da azkenaldian. Ondrak bezala, eibartarrak ere erronka bat zuen esku artean. Eta, azkenean, xede horri puntu gorria jartzea erdietsi du.

«Demagun» du izena bideak eta duela urte batzuk Iñaki Marcok ekipatutakoa da. Eskalatzaileak esan du 8c+ edo 9a izan daitekeela: «Eskalatu berri dudan bidea bertikala da, oso helduleku txikiak ditu eta mugimendu onak. Ondoan dagoen `Txertoa' bidea (8b+ edo 8c) ere egin dut, baina bistaz».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo