Hala Bedi irratiak lau saio berrirekin eta betiko jai alaiarekin hasi du ikasturtea
GARA | GASTEIZ
Urtero-urtero sartzen dituzte berrikuntzak parrillan Gasteizko Hala Bedi irratiko kideek eta, aurtengoan ere, hala egin dute, larunbatean ospatu zuten jaian azaldu zutenez. Abian jarri dituzten lau saioak dira aurtengo parrillako berrikuntza nagusiak. «Kamar Sutra» astelehenetan emango da, 23.00etatik 24.00etara. «Zuzeneko elkarrizketa» saioan, elkarrizketa sakonak egiten jarraituko dute denboraldi berrian ere, betiere entzuleen parte-hartzea bilatuz.
«Ez hemen ez inon» da bigarren berrikuntza. Ostegunetan emango da, 19.00etatik 20.00etara. Irratsaio kontrainformatiboa da, eta, bertan, gaztetxeekin, AHTren aurkako mobilizazioekin eta mugimendu antidesarrollistarekin harremana duten gaiak jorratuko dituzte.
Ostegunean bertan, baina beranduago, 21.30ean, «Femmes» saioa entzuteko aukera izango da. Emakumeak izango dira protagonista eta egile, betiere helburu zehatz batekin: «Emakume askeekin jendarte berri bat eratzea».
Azken berrikuntza «La voz del inmigrante» saioa izango da; igandeetan emango da, 14.00etatik 15.00etara. Saioaren atzean Saharako Etorkinen Elkartea dago eta, hortaz, «saharar etorkinen kultura eta jarduerei buruzko irratsaio elebiduna izango da».
Horrez gain, irratiko arduradunek azaldu dutenaren arabera, azpimarratzekoa da astelehenetik ostiralera goizero ematen den «Suelta La Olla» magazinea Tas Tas, Eguzki eta Hala Bedi irratien artean egingo dutela aurrerantzean. Ondorioz, Bilbon eta Gasteizen ez ezik Iruñean ere entzun ahal izango da saioa aurtengoan. Irratsaioa 10.00etan hasi eta 14.00etan bukatuko da, eta lehen hiru orduak komunak izango diren bitartean, azkeneko orduan Arabako gaiak jorratuko dituzte Hala Bedi irratian.