GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Bestelako begirada zineman

Zinemazaleok aukera ezin hobea dugu azaroaren 14ra arte, Bilbon, zinema aretoetan normalean eskaintzen denetik aldentzeko asmoaz harago, begirada ezberdinek nabarmenduriko filmez gozatzeko. Izan ere, joan den ostegunean eman zitzaion hasiera XIV. Emakumeek Egindako Zinemaren Erakusketari, Simone de Beauvoir feminista taldeak antolatuta. Emakumezko hainbat zuzendariren lana ikusgai, bakoitzak bere zeresanak eta senak bultzaturiko istorioa landuta eta plazaratuta. Begirada pertsonala islatzeko gogoa burututa. Begirada aniztasuna, kultur aberastasunaren eta pertsonen balioaren alde aldarrikatzen garenontzat, eta zinema produktu kontsumigarri ez bezala maite dugunontzat.

Besteak beste, industria maneiatzen dutenek, ia gizonezkoak baino ez, helarazten ez dizkiguten filmak ikusteko aukera. Publizitate kanpaina erraldoietatik at, ohiko banaketa sistema diruzalea saihestuta, filmotan denetarik aurkitu ahal izango da, baina funts beraren inguruan: ikusezina ikusgarri egitea, eta ikusleei ez ezik, zinemagintzari ere emakumeen ikuspegi ezberdinak hurbiltzea. Egin egiten baita, egon badagoelako, nahiz eta, bizi garen munduaren diruzko ardatzaren isla, ez diren interesgarri euren aldeko apustua egiteko. Erakusketa honek, ordea, hamalaugarren aldiz emango digu aukera munduan zehar egiten den bestelako zinema, bestelako nortasun eta sentiberatasunaz, bestelako gaiak eta istorioak landuta, ezagutzeko eta kontuan hartzeko. Zinemazaleok ez ezik, aurrez fabrikaturiko errealitateez nazkatuta dagoen orok ere gutxitan izaten duen aukera.

Helburu hori betetzeko asmoarekin antolaturiko erakusketari hasiera emateko Erika Lust zinema zuzendariari eman zitzaion hitza. Hitzaldiaren izenburua, «Porno feministarik izan al daiteke?». Hau da, izan al daiteke emakumearen sexu-nahia, edozein dela ere hartuko duen forma, eta izango duen hasiera, garapena edo ondorioa, emakumearen beraren ikuspegitik erakutsiko duen filma? Posible ote da gizonezkoen kontsumorako baino ez den ohiko zinema pornotik harago, sexua ikuspegi oso eta errealetik landuko duen zinema? Eta sexua bera ezkutatu barik, berez tabua izaten jarraitzen duen gaia, oro har, are gehiago emakumeen sexualitateaz arituta, agerraraztera eta protagonista guztien eskutik erakustera eramango duena?

Erika Lust bera adibide, pornoa filmatzen duen heinean bere lanetara «beste etika eta estetika bat» eraman nahi dituena eta «pornoaren klixetatik urrunduta sexu-pizgarri osasungarri eta positibo bihurtu». Zinezale sexuzale jokozaleok, behintzat, emakumezkook, batik bat, eskertu eta baliatu egingo duguna, dudarik gabe. Gizartean sexu-grina gizonezkoen berezko ezaugarria eta emakumezkoen hamaseigarren lehentasuna delako uste ustela hedatuta badago ere, eta zinemak uste hori bultzatzen segitzen du, ez delako egia, bada garaia geuk ere gure sexu-grinak eragiten digun barne-mundua erakusteko eta aldarrikatzeko agertokia izan dezagun.

Bilboko sortan pornorik sartu ez den arren, hurrengoan izan beharko, interesgarria inondik ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo