Txapelketa Nagusia 2009
Ofiziotan nola egin askok daki, baina guztiak ez dira ausartzen
Seiko motza ez da ofiziotan elkarrizketa garatzeko erraztasun gehien eskaintzen duen neurria, baina atzo Gasteizen, neurri horretan ere ofiziotan egin daitekeela erakutsi zuten
Agin REZOLA Bertsolaria eta Info7 irratiko esataria
Badira bertso neurriak ofiziotan elkarrizketa garatzeko, beste neurri batzuk baino erraztasun gehiago ematen dutenak. Seiko motza ez da erraztasun gehien eskaintzen duena, baina atzo Gasteizen, neurri horretan ere ofiziotan egin daitekeela erakutsi zuten.
Lehen bertsoa da ofizioa baldintzatu ohi duena eta hala gertatu zen, adibidez, Iñaki Zelaia eta Xabi Payak mainontzin egindako ariketan. Ezkonberri paperean jarri zituzten, baina Zelaiak hilabete elkarrekin egin ondoren, banandu egin nahi zuela zioen gaiak. Payak honela amaitu zuen: «Horren gogorra ote da nire sexu erritmoa». Entzule asko ezustean harrapatu gintuen amaierak eta, ziur aski, baita Iñaki Zelaia bera ere. Ofizioko lanetan, bigarren kantatu behar duenak, badaezpada bertso bat erdi egina izan ohi du buruan eta inongo arriskurik hartu nahi ez badu, hura bota. Txapelketetan sarri ikusi dugu hori. Arrisku hori, gainera, seiko motzean biderkatu egiten da neurriak berak duen zailtasun teknikoagatik eta, Zelaia eta Payaren ariketara itzulita, normalena pentsatua zuen bertsoa botatzea izango zen zenbait bertsolarirentzat, beste bat hutsetik pentsatzen hasi beharrean. Zelaiak bertsoa ulertzeko duen modua ez da hori ordea.
Payak bere bigarren bertsoan, berak aukeratutako bideari Zelaiak gehitu zion informazioa justifikatu behar izan zuen, elkarrizketaren haria mantentzeko. Hirugarrenean algortarrak amaiera bideratu zuen eta Zelaiak hirugarren erantzun batekin errematatu zuen. Ofizioa bide zailetik abiatu arren, elkar lagunduz, lan ona egin daiteke.
Neurri zail horretan erantzuteaz gain, argumentazio bikaina erakutsi zuena Unai Iturriaga izan zen, Miren Amurizaren laguntzarekin. Mirenek zabaldutako bidea ezin hobeto erabili zuen Unaik. Lastima ofizio guztietan hala ez erakutsi izana, baina tira, Gasteizen geunden 1.200 iritziren arteko beste bat gehiago da hau.