GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Eurohirian sartu dira Donostia eta Hego Lapurdiko Herri Elkargoko udalerriak

Duela 16 urte sortu zen Baiona-Donostia Eurohiriaren egitasmoa, baina atzora arte Donostia ez zen Mugaz Gaindiko Agentziako partaide. Harekin batera batu dira Hego Lapurdiko Herri Elkargoko hamabi herriak ere.

p019_f02_148x92.jpg

GARA |

Donostia-Baiona Eurohiriaren egitasmoa aurrera eramateko 1993an sorturiko Mugaz Gaindiko Agentziako partaide bilakatu ziren Donostia hiria eta Hego Lapurdiko Herri Elkargoa osatzen duten hamabi udalerriak, atzo, Baionan egindako ekitaldi ofizialean.

Aurrerantzean, beraz, CABABekin (Baiona, Angelu, Biarritz hiri elkargoa), Txingudi partzuergoko herriekin (Hendaia, Hondarribia eta Irun) eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, «eremu horretan garapen ekonomikoa eta lurralde kohesioa hobetzeko» elkarlanean arituko dira guztiak.

Didier Borotra Biarrizko alkate eta Mugaz Gaindiko Agentziako egungo presidenteak nabarmendu zuen Donostia ia 600.000 biztanle bilduko dituen Eurohiriaren egitasmoan egotearen komenigarritasuna: «Ñabardura politikoak alde batera utzita, soilik aurreratuko dira mugaz gaindiko harremanak».

Hain zuzen ere, Odon Elorza donostiar alkateak «zailtasun politikoei» leporatu zien partaide izateko urratsa orain artean egin ez izana, eta «egiazko elkarlana bultzatzeko hiri arteko sarea» sortzearen garrantzia adierazita, 2016an Europako kultur hiriburua izateko Donostiako hautagaitzaren alde indarrak batzeko deia egin zuen.

Markel Olano diputatu nagusiak, bestalde, «era berriko kultura politikoa» abian jartzeko engaiamendua azaldu zuen, iraganean izandako gorabeherak atzean uzteko nahia agertuz. «Eskumenak bateratzeko eta erakundeek beren harremanak partekatzeko politika berria» beharrezkotzat jo zuen.

Borotrak «mugaz bestaldean» tokiko erakundeek lorturiko eraginkortasuna goraipatu, eta Estatu frantsesean egun burutzen ari den lurralde-antolaketari buruzko eztabaidan «esperientzia hori aintzat hartzeko» gomendioa egin zuen.

Hausnarketarako gunea

Egun pil-pilean dauden gaiez (Hondarribiko aireportuaren luzapena edota AHTren egitasmoa esaterako) kazetariek egindako galderak erantzunik gabe geratu ziren, nahiz eta Olanok onartu zuen mahai gainean dauden gaiak direla.

Bestalde, arazo horiez mintzatzeko atzokoa ez zela «ez unea, ez gunea» esan zuen Jean Grenet Baionako auzapezak: «Mugaz Gaindiko Agentzia erabaki gune baino, elkarrekin mintzatzeko eta gogoeta komuna bultzatzeko egitura da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo