GARA > Idatzia > Euskal Herria

Errege espainolaren bisita dela-eta, protesta egingo dute Donostian

GARA

Estatu espainoleko errege-erreginak Donostian izango dira bihar hainbat ekitalditan parte hartzeko aitzakiarekin. Hain juxtu ere, goizean Aquariuma bisitatuko dute eta arratsaldean «El Diario Vasco» egunkariaren egoitzara joango dira.

Bisita horren harira, Donostiako ezker abertzaleko kideek adierazi dute «ikur inposatzaile goren» horrek Euskal Herrian «ezartzen duen salbuespen egoera» salatu beharra dagoela. Salaketa hori egiteko modurik egokiena Euskal Herriak aldaketa politikoa eta soziala behar duela aldarrikatzea dela uste dute: «Aldaketa, Euskal Herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea errespetatzeko, eta aldaketa, Euskal Herriaren independentziarako ateak ireki ahal izateko».

Protesta 12.00etan

Horrela, Juan Carlos Borboikoa nor den «argi» adierazi eta oroitarazi nahi dutela azaldu dute ezker abertzaleko kideek. Izan ere, errege hori Francisco Franco diktadore espainolak bere ondorengo gisa izendatutakoa da, beraz, «estatu espainolaren interes zapaltzaile eta asimilatzaileak bermatzen jarraitzeko arduraduna». Horregatik, Donostiako ezker abertzaleko kideen arabera, «errege espainola Euskal Herriaren ukazio eta eskubideen zapalkuntzaren ikur nagusia da», eta erregearen irudia eta jarduna halakotzat hartu behar dela nabarmendu dute.

Duela 30 urte Hego Euskal Herrian gertatu zen trantsizioaren «balizkotasuna» irudikatzen duela errege horrek defendatu dute, alegia: «Euskal Herriak onartu ez zuen eta Espainiar botere ekonomiko, judizial eta militarrek inposatu zuten estatu-marko berria, Konstituzioa, inposatu zeneko sasitrantsizioa».

Horiek horrela, Donostiako ezker abertzaleko kideek dei egin dute «Independentziaren bidean, aldaketa politiko eta soziala» lelopean bihar Aquariumaren aurrean, eguerdiko hamabietan, izango den kontzentrazioan parte hartzera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo