GARA > Idatzia > Mundua

Honduraseko erresistentziak hauteskundeei boikot egiteko deia zabaldu du

Estatu-kolpearen aurkako Erresistentzia Fronteak datorren azaroaren 29an egitekoak diren bozetan ez parte hartzeko eta boikot egiteko eskatu zien jarraitzaileei. Haien ustez, nahiz eta Zelaya legez dagokion karguan berrezarri, beranduegi da iruzurra ekiditeko.

GARA

«Zelaya berrezarri edo ez, hauteskunde prozesuan ez dugula parte hartuko erabaki dugu nazio mailan. Ez goaz hauteskundeetara», azaldu zuen Juan Barahonak, estatu-kolpearen aurkako Erresistentzia Fronteko koordinatzaileetako batek, egindako batzar baten ostean.

Manuel Zelaya legezko presidentea karguan berrezarrita ere, hauteskunde iruzurra ekiditeko beranduegi dela uste dute erresistentziako kideek eta horregatik egin dute azaroaren 29ko bozaldia boikotatzeko deialdia.

Zentzu horretan, Carlos H. Reyes ezkerreko hautagai independenteak ere hautagaitza erretiratzeko erabakia ezagutzera eman zuen, eta hala jakinarazi zion atzo Hauteskundeetako Auzitegi Gorenari.

Iruzurra

«Gainera, bozaldietan Alderdi Liberaleko hautagaiaren -Melvin Santos, Zelayaren presidenteorde izandakoa- aldeko iruzurra egongo dela iragarri da, eta beraz, hauteskundeetan parte hartzea, iruzur horri zilegitasuna ematea litzateke», adierazi zuen Barahonak.

Era berean, eta egun batzuk lehenago agindutako konpromisoari eutsiz -Erresistentzia Fronteak hartutako erabakiari jarraitzeko hitza eman zuten- Bateratze Demokratikoa (UD, ezkerrekoak) alderdiari dei egin zion Barahonak, hauteskunde prozesutik erretiratu dadin.

Eskari berbera luzatu zien, gainera, Berrikuntza eta Batasuneko Alderdiko disidenteei eta Alderdi Liberaleko gobernatzaileari.

Hala ere, UD alderdi minoritarioaren hautagai Carlos Hamek azaldutakoaren arabera, ez dute gaiaren inguruko erabakirik hartu, eta aste honetan zehar egingo dutela agindu zuten.

«Ez dugu itsumustuan erabakirik hartu nahi. UD alderdia erakunde iraunkorra da, eta parte hartzen ez badu alderdi moduan daukan erregistroa galdu egingo du. Bozetan ez esku hartzeak UDren desagerpena dakar», argitu zuen.

Hauteskundeetarako hiru aste falta direnean, alderdien propagandaz lepo agertzen ziren Tegucigalpako kaleetan, estatu-kolpearen aurkako edota boikoterako deia egiten duten pintadak dira nagusi.

ordezkoa

Honduraseko presidente hautetsiak, Manuel Zelayak, kolpisten asmoa gogor salatu zuen, haren ustez Micheletti kendu eta ordezko bat jarriko baitute hauteskundeei zilegitasuna emateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo