Maider Iantzi Kazetaria
Egun txarrek badute arrazoi zientifikoa
Badira egunak eguzkiak laztanka hartzen gaituenak eta semaforoak berde jartzen direnak pasatu gaitezen. Bertze batzuetan, berriz, iruditzen zaigu lehen lagun genituenek, eguzkiak, semaforoek, munduak berak gu izorratzea erabaki dutela. Orduan, ez dugu aitzinean dugun kristal erraldoia ikusten eta zuzen-zuzen joaten gara haren kontra; etxeko atea itxi dugun momentu berean ohartzen gara giltzak barrenean utzi ditugula; eta espagetiak buru gainean ditugula galdetzen diogu dendariari pasta non dagoen. Ostatu batean lagun batekin solasean, gure ezpainetatik sekretu bat ateratzearekin batera zalaparta gelditu eta denak begira gelditzen zaizkigu. Nola liteke halako iskanbilan gure aitorpena aditzea? Badira gertaera harrigarriz betetako egunak. Trabak eta istripu txikiak katean etortzen dira eta gaizki atera daitekeen guztia gaizki ateratzen da, Murphyren legearen eraginpean baikaude.
«Ordenagailu nazkagarria, zuk ere orain itzali behar zenuen, justu gordetzeko teklari ematera nindoanean!». «Ai, belarritako belarritako! Ez zenuen armairu astun hau baino toki hoberik ezkutatzeko?». Ulertuko baligute bezala solastatzen gara objektuekin eta pentsatzen dugu gure onetik ateratzeagatik jokatzen dutela horrela, ze ote gara egozentrikoak! Richard Robinsonek eguneroko bizitzan amorratzen gaituzten gauza txiki horiek arrazoi zientifikoak dituztela eta guztiari alde txarra ikustera eramaten gaituena gure burmuina dela azaltzen du liburu batean. Badakizue zergatik erortzen den ogi xerra beti gurinaren aldetik? Buelta erdi emateko denbora soilik duelako.