GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Emanaldia Anaitasunan

Olentzerori bidea irekiko diote Pirritx eta Porrotxek Iruñean

Olentzerori ez diola Iruñeko Udalak ongietorririk ematen aspaldi jakina da. Herritarrek, ordea, bai. Duela bi urte jaialdi arrakastatsu baten bidez bidea erraztu zioten Pirritx eta Porrotx pailazoek, Anaitasuna kiroldegia leporaino betez. Aurten gauza bera egitea erabaki dute, azaroaren 25ean. Yolanda Barcina alkateari ere gutuna idatzi diote.

p015_f01.jpg

Ramon SOLA

Azaroaren 25ean, asteazkenean, hilabetea baino ez zaio geratuko Olentzerori urteroko bideari ekiteko. Helmugen artean Iruñea egongo da, nola ez. Baina baliteke azaroaren 25 horretan ere menditik eskapadatxo bat egin eta Anaitasuna kiroldegira iristea. Hori gertatu zen duela bi urte. Harmailak leporaino beteak zirelarik, Pirritx eta Porrotx pailazoen eskutik heldu zen ikazkina ustekabean, eta aurten ere auskalo! Izan ere, jaialdi handia antolatu dute Iruñeko kultur koordinakundeek, urtero Udalak Olentzerori jarri nahi izan dizkion zangotrabatzeei erantzuteko.

Buru-belarri dabiltza Pirritx eta Porrotx Olentzerori Iruñeko bidea erraztu nahi horretan. Aurten Yolanda Barcina Iruñeko alkateari idaztea ere bururatu zaie. Atzo helarazi zioten gutunak zera dio: «Olentzerok gaztainak banatzen ditu eta haurrek sekretutxoak xuxurlatzen dizkiote, eta muxuak eman eta jasotzen ditu. Hain da maitagarria! Horregatik, Yolanda, ez dugu ulertzen Iruñean zergatik ezartzen dizkiozun hainbeste debeku eta traba, halako ibilbide eta ordutegi estuak, horrenbeste polizia kaleetan eta hainbat isun auzotarrei. Finean, zergatik zigortzen duzu Olentzero?», galdetu diote.

«Buruari bueltaka aritu gara, eta azalpen bakarra topatu dugu -erantsi dute pailazoek-. Ez duzu Olentzero ezagutzen. Horregatik, proposamen bat egin nahi dizugu, oraindik garaiz zabiltza eta: Aurten, bidali eskutitza zuk ere Olentzerori, ziur berak irakurriko duena, eta Gabon gauean, bihotz oneko jentil euskaldun honek bisita egingo dizu. Nahi baduzu, ilundutakoan, belar ondu pixka bat utzi astoarentzat, eta baxoerdi bat Olentzerorentzat, eta deskuiduan ikusiko bazenu, esan `kaixo eta eskerrik asko', berak ere bene-benetan eskertuko dizu eta».

Ikuskizun berria

Azaroaren 25ekoan, gainera, beren ikuskizun berria taularatuko dute Pirritxek, Porrotxek eta Mari Mototsek, «Irrien Lagunak» izenekoa. Bertaratzen diren guzti-guztiekin Sudurgorrien Eguna ospatuko dute, euskaraz abesten duen bikote kubatar bat ere bertan egongo da, eta elefante bat ere ekarriko omen dute. Dagoeneko salgai daude sarrerak, sei euroan, denda, auzo elkarte eta abarretan.

Hortik aurrera, Udalaren esku egongo da Olentzeroren urteroko etorrera zer-nolakoa izango den. Antolatzaileen esanetan, «gure lana lasaitasunez egitea da gure nahia. Egun horretan euririk egingo ote duen, gaztaina nahikorik izango ote dugun edota ardiek ihes egin ote duten kezka bakarra izatea nahi genuke, eta ez aurten zein auzori ezarriko zaion isuna edota zeini ez dioten baimenik emango».

Izan ere, 2003. urtetik aurrera etengabeak izan dira oztopoak. Orduan fidantzak ezarri zituzten estreinakoz. Ondotik etorri ziren poliziakideen mehatxuak, identifikazioak, isunak, helegiteak... Iaz beste jauzi bat eman zuen Yolanda Barcinak, eta hiru auzotan debekua ezarri zuen, «auzo on-auzo txarren arteko jolas antzua eginez».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo