GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Oraindik bada gerra hotzaren aztarnarik

Atzo, Itsaso Horian, Ipar eta Hego Korearen artean izandako liskarraren ondorioz, nabarmen gora egin du tentsioak bi herrialdeotan. Halakorik ez zen espero izatekoa, aurreikusita baitzegoen urtea bukatu aurretik Ameriketako Estatu Batuen eta Ipar Korearen arteko elkarrizketak hastea, desnuklearizazioaren gaineko negoziazioari ekiteko prest agertu baitzen Piongiang. Argi dago Berlingo Harresia eraitsi zutenetik 20 urte bete ziren egunaren biharamunean gogoan zutena ez dela Korea berriz batzea, hain zuzen. Aitzitik, lekutan dira birbatzeari begirako distentsio keinuak -edo itxurak-, lekutan harako ez-erasotzeko itun hura, beste behin ere bere balio urria erakutsi baitu. Berlingo Harresia eraitsi eta 20 urte geroago, Ipar eta Hego Korearen arteko gatazka gerra hotzaren aztarna da, noizbehinkako distentsio keinu horiek gorabehera, oso bizirik dirauena. Antza denez, Ipar Koreako ontzi militar batek itsasoko muga zeharkatu, eta Hego Koreako beste batek tiro egin zuen. Ipar Koreako ontziek maiz zeharkatzen dute itsas muga, Piongiangek ez baitu onartzen NBEren indarrek, Koreako gerra amaitzean, Ipar Korearekin adostu gabe ezarritako marra hura. Agian ez da kasualitate hutsa datorren astean Barack Obamak Asian zehar egingo duen txangoaren bezperan gertatu izana atzoko borroka, besteak beste Hego Koreara eramango duen txangoaren atarian alegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo