GARA > Idatzia > Kirolak> Osasuna

Roberto: «Indartsu eta ilusioz gainezka nago»

p027_f02_88x128.jpg

Arnaitz GORRITI

Kopako neurketei begira, Osasunaren atepean Roberto ordezko atezainak hartu du Ricardoren lekua. Nahiko ongi ari da betetzen, gainera, bere orain arteko lana, gol bakarra sartu baitiote. Hortaz, gorritxoek final-zortzirenetarako txartela eskuan dutela, konfiantzaz gainezka azaldu zen galiziarra hedabideen aurrean. Hala, nahiz eta ordezko izatea «zaila» dela onartu, «indartsu eta ilusioz gainezka» dagoela adierazi zuen.

«Urte zaila izaten ari da niretzat, baina horrek ez dit konfiantzarik kentzen. Hala, egunero lanera gogotsu etortzeko indarrez jaikitzen naiz. Horrez gain, bagenekien Kopan oro har minutu gutxien izan dugunok jokatuko genuela, eta esan behar gure lana orain arte nahiko ona izaten ari dela», esan zuen.

Bere taldekide Ricardoren lanaz galdetuta, garrantzitsuena taldea ahalik eta maila gorenean egotea dela erantzun zuen. «Kontua atepea ongi zaindurik egotea da. Ricardo oraingoz bere lana ongi betetzen ari da eta hala den bitartean berdin da zein den taldeko atezaina».

Bestalde, aurten ordezkoen artera itzultzea iazko denboraldi amaieran egindako lan eskasagatik izango ote zen galdetu zioten kazetariek. Horren aurrean, onena «ahaztea eta lanean jarraitzea» dela iritzi zion. «Gauzak batzuetan ongi aterako dira eta gaizki besteetan, baina kontua egunero lanari ekitea da». Dena den, bere buruarekiko konfiantzak ez duela behera egin ere erakutsi zuen. «Gorabehera handirik gabeko atezaina naizela uste dut, eta horregatik indartsu eta ilusioz beteta nago».

Sergio, A gripeak jota

Atzo goizean izan zuten Taxoaren Jose Antonio Camachoren mutilek eguneko lansaioa. Bertan ez zen izan Sergio atzelaria, izan ere, H1N1 birusak -A gripea delakoa, alegia- jota, etxean geratu baitzen. Oier Sanjurjo ere, eritasun berberak jota, ez zen atzo goizeko entrenamenduan izan. Monreal ere, ezker belauneko alboko lotailu bat hautsita duela, lan saiotik at geratu zen eta Ludo Delportek, berriz, bere kabuz entrenatu zuen. Gaur itzuliko dira lanera gorritxoak, 10.00etan. Hauxe izango da asteko azkenengo lan saioa, astelehenera arte jai izango baitute.

Bestalde, atzo entrenatu zuten aurrenekoz Hi Vis izeneko baloi horiarekin. Azken urteetako ohiturari jarraituz, negurako baloi horrekin jokatuko dute azaroaren 21 eta 22ko asteburutik -Valentziaren aurka, Osasunaren kasuan- otsailaren 6 eta 7ko asteburura arte -Teneriferen aurkako gorritxoentzat-.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo