Segiko kideak aske dira, baina bandera frantsesa ebasteagatik epaituko dituzte
Herenegun Uztaritzen atzemandako bi gazteak aske atera ziren atzo arratsaldean Baionako jendarmeriatik. Bandera frantsesa lapurtzea leporatu diete eta kargu horregatik epaituko dituzte. Segik eta Askatasunak deituta elkarretaratzeak egin zituzten Baionan eta Uztaritzen.
Arantxa MANTEROLA |
Asteazken arratsaldean Uztaritzen atzemandako Aintza Zufiarurre eta Antton Rouget aske utzi zituzten atzo arratsaldean. Bi gazteak Baionako Marracq auzoko jendarmerian atxiki zituzten eta bertatik irten ziren 18.30 aldera, kanpoan beren askatasuna eskatzeko hogeita hamar bat lagun elkarretaratuta zirela.
Bandera frantsesa taldean lapurtzea leporatu diete biei eta kargu horrekin epaituko dituzte. Lehen Mundu Gerrako armistizioa gogoratzeko, azaroaren 11 jai eguna izaten da Estatu frantsesean eta ospakizun bereziak izaten dira herri gehienetan. Nonbait, horren harira bandera ebasten saiatzen ari zirela atxilotu zituzten bi gazteak.
Alta, beren senideek atxilotzearen zergatia jakiteko ahaleginak eta bi egin zituzten arren, ez zuten inolako informaziorik jaso egun osoan. Soilik, legeak agintzen dien moduan, inkomunikazio aldia hogeita lau orduz luzatu zietela jakin zuten.
Istiluak Baionan
Segiko bi kideen atxiloketa salatzeko, atzo eguerdian Etxepare lizeoko ikasleek Baionako herriko-etxearen inguruan egindako mobilizazioan, istiluak izan ziren Poliziarekin. Askatasunak jakinarazi zuenez, bertan bildutako hogeita hamar bat gazte errepidea mozten saiatu ziren eta orduan CRS-ek, gasa eta borrak erabiliz, bortizki eraso zieten.
Arratsean, berriz, Baionako jendarmeriaren aitzinean ez ezik, 200 bat lagun elkartu ziren Uztaritzen.
Segik plazaratutako oharraren bitartez, azken hilabeteetan Parisek «gazteria independentistaren kontra abiatutako gurutzadaren» baitan kokatu zituen atxiloketak. Gazte erakundearen esanetan, «operazio ezberdinen bitartez, Euskal Herriaren aldeko lan politikoan dabiltzanak bere jomugan jarri ditu».
Alta, euskal gazteriak «antolatzen eta borrokatzen» 30 urte daramatzala nabarmenduta, «eraso bakoitzak borrokarako eta lanerako grina areagotzea» besterik ez duela lortzen gaineratu zuen.
Askatasunak ere gogor salatu zuen «euskal militantziaren aurkako eta bereziki gazteen kontrako jazarpena». Era berean, errepresioaren aurkako erakundeak atxiloketek iraun bitartean, inkomunikazioa erabiltzea eta senideei inolako berririk ez ematea gaitzetsi zuen.
Auzitegi Nazionalak sei urteko espetxealdira eta beste horrenbesteko ezgaitzera kondenatu ditu Araitz Zubimendi, Garikoitz Mujika, Eneko Aizpuru, Asier Tapia eta Zigor Ruiz, Segin lan politikoa egiteagatik.