KRONIKA | Aralarko «Ataria»
Mendeetan ebakitako zuhaitzak bere lekura itzuli zirenekoa
Orain 600 urte, Enirio-Aralarko Mankomunitatea osatzen duten 15 udalerriek hitzarmena sinatu zuten, eta mendeen igaroan tartean gatazka ugari izan diren arren, atzo konpromisoak berretsi zituzten herrietako alkate guztiek. Berrespenaren lekuko nagusi izan zen Amezketako San Martingo kanpan inauguratutako «Ataria», Aralarri eskutik helduta urteen igaroan galdu direnak gogora ekartzen dituen eskultura.
Ariane KAMIO I
Enirio-Aralarko Mankomunitatea 1409an sortu zen, Aralarko lurraren ustiaketarako hamabost udalerri hitzarmenarekin bat etorri zirelarik: Amezketa, Abaltzisketa, Orendain, Baliarrain, Ikaztegieta, Ordizia, Legorreta, Itsasondo, Arama, Altzaga, Gaintza, Zaldibia, Ataun, Beasain eta Lazkao. 1821eko azaroaren 22an, ordea, Enirio-Aralar mendiko basoa zatitu eta banatzeko idazkia sinatu zen. Dokumentu horren bitartez, zuhaiztia banatu, eta herri bakoitzari zegokiona mugarritu egin zen. Atzokoan, Mankomunitateak 600 urte betetzen zituenean, hamabost udalerrietako alkateak berriro elkartu ziren bateratze sinadura-ekitaldi batean, eta bide batez, 1821ean gauzatu zen zatiketa gainditutzat eman zuten, Mankomunitatearen batasuna berretsiz, eta berriro ere basoaren ustiaketaren gaineko eskubideak haren esku utziz.
Bateratze horrek, bada, badu lekukoa non eutsi. Izan ere, sinadura ekitaldiaren ostean, Amezketako San Migeleko zelaian, Txindoki mendiaren begiradapean, Guillermo Olmosek sortutako «Ataria» inauguratu zuten, Aralarko mendietara doan esku zuzena. Eskultura hori, egurrezko habe zaharrez osatzen da, guztiak bertikalean zutituta, elkarren arteko taldea osatzen dutelarik.
Autoreak garari adierazi zionez, habe horien esanahia Aralarko mendiek mendeetan atzera eginda zeukaten itxurari zegokionera hurbiltzea da. Hots, «orain urte batzuk, inguruko mendietan basoak ziren nagusi, eta bertako zuhaitz gehienak moztu egin ziren artzaintzaren ustiaketa ahalik eta bideragarriena izan zedin». Denboraren igaroak, baina, Aralar larre zabal eta berdez beteta utzi zuen, gaur egun duen itxurari jarraiki. Horregatik, Olmoren helburuetako bat izan da «garai batean Aralartik eraman ziren egurrak berriro leku berera itzularaztea». «Askotan lan egin izan dut eraitsitako materialekin eta bertan sortzen diren hutsuneen antzekoak dira bertan ditugun habeek erakusten dituztenak. Bestalde, horrelako materialak erabiltzea euskal eskulturagintzan askotan errepikatzen den gertaera bat da eta horrek esanahi bat izan dezake; hau da, forma zehatz batzuk ikustera ohituta gaudela, gure arbasoak betidanik ikusten egon diren itxura berdinarekin», gaineratu zuen.
Zahar itxurakoak
Olmok zahar itxura eman die bere eskultura osatzen duten habeei, erreak daude denak. Beraren ustez, zahar antzeko izate horrek zuhaitzek larreak betetzen zituzten garaietara itzularazten gaitu, «eraman ziren egur zatiak jaio ziren leku berera itzularazi diren seinale», esan zuen. Nolanahi ere, guztia ez da beltz, eta guztia ez dago erreta Aralarko parkeari aurre egiten dion eskultura horretan. Oso nabarmenak ez badira ere, Olmok kolore ukituak erantsi dizkio bere lanari. Erantzuna, badu berea: «Nahiz eta zutik jarritako habe horiekin mendeetan atzera egiten dugun, eta egur haiek, zuhaitz haiek nolabait hilik daudela aitortzen den, oraindik paraje horrek eskaintzen duen bizitasunari ere keinu bat egin nahi izan diot eta aurrera begirako lekuko bat eman».