GARA > Idatzia > Kultura

Urteetako lanak badu saria eibarko klub deportiboko argazkilarientzat

Euskal Herrian eta hemendik kanpora ere argazkilaritzan erreferente izatea lortu du Eibarko Klub Deportibok. Elkarte onenaren Argazkilaritzako Sari Nazionala jaso berri dute Andorran eta honek lanean jarraitzeko indarra eta ilusioa eman diela aitortu digute.

p049_f01.jpg

Ane ARRUTI I

Hamar lagun joan ziren Andorraraino saria jasotzera. Ez da gutxiagorako, ez baita egunero jasotzen argazkilari elkarte onenaren saria, gutxiago oraindik taldekide guztiak afizionatuak, amateurrak izanik. Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteak aurkeztu zuen eibartarren hautagaitza Estatu espainoleko elkarteek iazko urrian egindako urteroko biltzarrean, eta bertan zen Juan Armentia, Euskal Herrikoaren lehendakaria. «Bagenekien kongresua zegoela, eta zain geunden ea zein erabaki hartzen zuten», gogorarazi du Bakarne Elejaldek, duela ia hogei urtetik Eibarko Klub Deportiboko lehendakaria denak. «Jose Luis Irigoien taldekideari deitu zion Armentiak eta hau denekin kontaktuan jarri zen. Mezuak, emailak... izugarria izan zen».

Urtebete geroago Andorran igarotako asteburua ez dute berehalakoan ahaztuko. «Oso-oso polita izan zen. Lehenengo egunean, argazkilari mailan Argazkilaritzako Sari Nazionala jaso duen Miguel Parreñoren aurkezpena izan zen. Berarekin egon ginen argazkiak ikusten eta guretzako oso interesgarria izan zen, talde mordo batekin kontaktuan baitzaude», azaldu du Elejaldek. «Harremanak sendotzeko aukera eman zigun. Gero elkar trukatze bat sortzen da. Eibarrera ekarri erakusketa bat, gu joan nonbaitera erakusketa batekin...». Bigarren egunean, berriz, biltzarraren ondoren, txango bat egin zuten -bakoitza bere kamerarekin, noski- eta gauean etorri ziren afaria eta saria, «eta bueno, gu zoratzen, oso ondo», esan du taldeko lehendakariak gogora ekarriz.

Urte osoan etenik gabe

Eibar argazkilaritzan erreferente bihurtzea lortu dutela uste du Elejaldek, eta urte osoan zehar egindako lana aintzat hartzea izan dela honako sari hau. «Talde eta herri txikia da gurea, eta horrelako sari bat jasotzeak izugarrizko errekonozimendua suposatzen du. Gogo izugarria ematen du ekintzak egiten eta lan egiten jarraitzeko, guk nahi duguna egiten gainera!».

Asteartero 23-24 lagun biltzen dira elkartean. «Gure momentu onenean gaudela esan dezakegu. Leku arazoak ditugu, ez gara ia kabitu ere egiten baina hori arazo pozgarria da». Hilero lau erakusketa antolatzen dituzte, hiru Eibarren -Deportiboan eta Anbigu eta Portalea tabernetan-, eta laugarrena, Bilboko Deustuko Beer House tabernan. «Lehen taldeko partaidea zen, beti gustatu izan zaio mundu hau. Bilbon taberna jarri zuenean esan zigun ea egingo genituzkeen erakusketak, eta hilero egiten dugu».

Hitzordu garrantzitsuenetako bat, bestalde, Argazkilaritza Maiatzean ekimena izaten da. Hilabetez argazkilarien topagune bihurtzen da Eibar. «Bost edo sei erakusketa izaten dira. Saiatzen gara tailerra ere egiten. 2007an argazkilari onenaren saria jaso zuen Gabriel Brau ekarri genuen iaz, eta aurten Jesus Jaime Mota izan dugu. Portalea bete egin genuen. Kalean ere egiten ditugu ekintzak. Aurten Untzagako plaza argazkiz bete genuen eta estudio bat ere ipini dugu».

Kanpora begira ez ezik, eurentzako tailerrak eta ikastaroak ere egiten dituzte. «Badaude bi edo hiru besteak baino gehiago dakitenak eta guztiok gabiltza ikasten». Analogikotik digitalerako jauzia egin beharrean aurkitu dira hemen ere eta garai berriei moldatu beharra dago. «Oraindik nahiko berria da guretzat. Horretan gabiltza, pixkanaka ikasten. Gure lema beti izan da: `Dakizun guztia erakusteko da'». Gustuko lanean eta lehiakortasunik gabeko giroan murgilduta daude kide guztiak. «Ni izango nintzake taldea uzten lehena, elkarren arteko lehian hasiz gero», dio Elejaldek.

Bilbo Argazki

Bilbon egiten ari diren Bilbo Argazki jaialditik ere jaso zuen gonbidapena Eibarko taldeak. «Hogei argazki eskatu zizkiguten eta hogei autoreren lanak eraman ditugu». Iruña kafetegian abenduaren 10era arte egongo den erakusketa honetan gai eta teknika aldetik guztiz ezberdinak diren argazkiak topatuko ditugu.

«Guk parte-hartzea, gurekin gogoratzea eta hor hilabete egotea oso interesgarria da guretzat. Jendea ere oso pozik dago. Batzuk duela sei hilabete edo urtebete hasi dira taldean, eta bat-batean, norberaren argazki bat Bilbon ikustea edo erakusketa bat edukitzea Eibarren bertan, ohorea da». Guztiek daukate aukera, hori bai, betiere kalitateari begiratuz. «Oso kritikoak gara gure lanekin eta aukeraketa egiten dugunean asko zaintzen dugu hori. Mimatu egiten ditugu argazkiak».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo