Juan Mari ARREGI
Non dago nazio kutxa?
Politikakeriak -Euskal Herriaren batasunaren etsaiek antzeztua- egoera gorabeheratsua eragin du gure nazio ekonomian, eta bereziki gure finantza erakundeetan. Duela gutxi arte Hego Euskal Herriko lau aurrezki kutxak elkarlanean ari ziren: BBK, CAN, Kutxa eta Vital. Aurrezki Kutxen Federazio Euskal Nafarrean sartuta zeuden. (...) Gero, arrazoi politikoak ere tartean zirela -hau da, nazio kutxa baten edozer zantzu saihesteko- Hegoaldeko lau kutxen arteko lotura organiko hori diluitzen joan zen. Ondoren, EAEko hiru kutxen arteko fusioa egiten saiatu ziren, eta hemen ere arrazoi politikoak medio -botere protagonismoarengatik-, fusioa ez zen aurrera atera.
Testuinguru horretan bi fusio posibleren berri eman zaigu orain: bata, Nafarroako CAN eta Kanarietako kutxa baten artekoa; eta bestea, Bizkaiko BBK-k Caja Castilla La Mancha-rekin egitekoa zuena -azkenean huts egin du, joan den astean Cajasturrek erosi baitzuen kutxa hori-. Komeniko litzateke CAN eta BBK-ko ordezkariek eta arduradun politikoek esplikatzea, ea zergatik ez den aurrera egiten Hegoaldeko lau kutxen fusio naturalarekin, eta aldiz, euskal ekonomia eta politikatik hain urrun dauden beste erakundeekin fusionatzeko operazioak egitera jotzen duten. Euskal Herriak berezko finantza erakunde indartsua behar du: gure gizartearen orainari eta geroari aurre egin eta gizarte hori berdinagoa izateko, gure enpresak lehiakorragoak eta berritzaileagoak bihurtzeko, eta hortaz, enplegua mantendu eta pobrezia poltsak saihesteko. Erakunde horrek nazio kutxa handia izan behar luke, eta Iparraldera ere hedatu beharko litzateke. Gure berezko gune soziopolitikotik kanpo dauden erakundeekin fusionatzea ez da bide hoberena hori lortzeko.