GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Fredi PAIA (2009/11/13)

Zamak

(...) Zaila nongo nagusia zaren ulertu barik bertsotan saiatzea eta gaitza orain lau urte final batean jarri dizuten bakarkako gai berberari motibatuta abestea. Gainera, pintzel finez eta emeki azaldu beharreko gauzak brotxa lodiarekin idazteak maite ditugunak mindu litzake. Eta gure buruari geuk ezartzen dizkiogun zama horiek sorkuntzaren etsaiak dira.

Berlingo Harresia ere sistema komunistak bere buruari zentzu barik ipinitako zama izan zen. Porrotera kondenatua zegoen galtzailearen jarrerari monumentua. Debekuak beti sortuko dio zirrara gizakiari. Eta zirrara hori zure etsaiarekin lotzen baduzu psikologikoki, denboraren aurkako amildegira zoaz. Kubatarrek akats bera egiten dute. Utz diezaiotela gura duen orori kapitalismoa ezagutzen. Egungo etorkinei galdetu zer amestu zuten eta zer aurkitu. Errealitatearekin topo ez egiteko bitartekoak sortzea gure etsairik handiena da. Baldin eta egiten dugun horretan zintzoki sinesten badugu.

Espainiar legedia, hara bere buruari gizakiak jarritako beste zama zentzugabe bat. Hain estranbotikoa ezen jende guztiak piratak Somaliara bidali gura dituenean, ustez bizikidetza errazteko eratutako legeak direla trabarik handiena. Gizarte baten beldurra sortzen duen lege kopuruaren araberakoa da. Eta ziurtasunaren bila beldurraren bidetik egiten diren saiakera guztiak bizitza galarazten duten kaiolak dira.

Gure aitak hainbat urte egin zituen Somalia inguruko uretan arrantzan. Umetan, itsasoa ikusi eta atzamarra luzatuta aita esaten genuen anaiak eta biok. Eta beti ezagutu dugu itsasgizonen andreen energia atomikoa, batek hezi gaitu eta.

Argi, Maria Angeles, Cristinak... erakutsi digute soilik maitasunaren indarrak eta umiltasunak irauli dezaketela gizakiak bere buruari ezarritako zamen mundu antinatural hau.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo