Rikardo ARREGI (2009/11/11)
Doktrinatze lanetan
Egunero bezala ikastetxera sartu naiz doktrinatze asmo garbiekin. Euskal Hizkuntza eta Literaturakoa da nire lanpostua, ezin hobea, beraz, doktrinatze lanei ekiteko. Baina, bizitza ez da perfektua, nire ikastetxearen berezitasunak eta beharrizanak asko dira eta Gaztelaniako eta Espainiar Literaturako eskolak eman behar ditut.
Lehendabiziko eskola-ordurako dudan programazioa begiratu dut eta doktrinatze lanetan ditudan zailtasunak bat-batean agertu zaizkit begien aurrean: Juan Ramón Jiménez. Nola ekingo diot euskal nazionalismoan doktrinatzeari Juan Ramón Jiménezekin? Ikasgelan irakurtzen ditugun hiru poemak oso errazak diren arren, ikasleek ez dute oso ondo ulertzen ikusten dugun errealitatetik haratago badela beste errealitate ikusezin bat (...). Ergelkeria horietan ematen dut denbora, ezin doktrinatu, amorraturik nago.
Baikorragoa naiz hurrengo eskolarako, Cervantesekin hasiko gara gaur eta zerua ikusi dut: bizkaitarrarena irakurri ahal dugu Quijoten, adibidez; edo bakoitzak bere hizkuntzan idatzi behar duela dioen beste pasarte hura, euskara eta guzti aipatzen delarik bertan; edo Pruden Gartziaren Lazarraga, Ernazimentua euskaraz liburuan Lazarraga eta Cervantes lotzen dituen tesiaz zerbait irakurri. (...)
Lau ordu lanean eta ezin doktrinatzerik. Etsita nago. Hurrengo eskola euskara da azkenik: 25 urte baino gehiago duten ikasleak dira, unibertsitatera sartzeko azterketa berezia gainditu behar dute maiatzean. Testu tipo desberdinak ezagutu behar dituzte eta programan datorrena kazeta kronika da, eskubaloi partida batena. Ene! Baina kronikan Portland San Antonio nafarrak irabazten dio partida Bartzelonari. Sotila da gauza, ados, baina pozik itzuli naiz etxera azkenik.