GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA | Zegamako San Martin Feria

Euskal jaki tentagarrienak izan dira dastagai Aizkorriko magalean

Azoka zaleek atzokoan izan zuten gozatzeko aukera aparta Zegamako San Martin Ferian. Abere lehiaketarekin batera, Aizkorri eta Urbiako gazta txapelketa egin zuten bertan. baina horiez gain, urdaila gozatzeko ere izan zen eskaintza zabala: gozoak, txerrikiak, baita talo beroak ere, tartean noski, txistorra jarrita.

p020_1.jpg

Oihane LARRETXEA I

Aizkorriko gailurra lanbroak estalita zegoen, hodei grisak eta haize hotza, goizeko hamarretan Zegama ingurua gogor astintzen. Hala ere, ia mendi magalean, artzainek taldeka eta bata bestearen alboan ikusgai jarri zituzten abereek gogor eusten zioten goizeko lehen orduetako giro latzari. Izan ere, gorputza estaltzen bazuten makina bat ile. Eta haiek ez, baina bertaratu ziren herritarrek eguraldia zuten hizpide: «Badirudi euria botako duela, ño, lanbroa beheraino sartu da-eta!», zioen artzain batek, ahoan estutzen zuela amaitzear zuen purua.

Herri mailako abere eta ganadu lehiaketarako nork bere animalia dotoreenak kalera aterata, nork irabaziko zain zeuden artzainak, elkarren artean solasean. Bildotsak, ardiak, zaldiak edota akerrak, adar kiribildu asko eta ile zuri kizkur ugari: «Hauek biak ardi latsa dira, baina muturreko kolorean ezberdintzen dira: muturbeltzak eta gorriak», azaldu zion artzain batek ikusmiraz begira ari zen gizonari.

Harresien atzean ardiak artaldean pilatzen ziren estu-estu, bat nora mugitu, besteak atzetik jarraitu. Baina guztietan ahariari antzematen zitzaion erosoen, parean igarotzen zen guztiari so, lauzpabost emez inguratuta, bera taldeko ar bakarra zelarik:«A ze pagotxa!», zioen gizonezko batek.

Basurde txikiak ere baziren, lasto tartean jolasean, amak jan eta jan egiten zuen bitartean, eta alboko harresian ostegunean jaiotako bi antxume txiki: «Alajaina! Bi egun besterik ez eta dagoeneko zutik mantentzen dira! Geu bai motelak!», esan zion aitak alabari.

Janaria non, jendea han

Frontoiaren barruan musika, jana eta gazta usaina. Aizkorri eta Urbiako hamalau artzain, bakoitza bere gaztarekin norgehiagokan. Zortzi epaimahaikide, esneki guztiak dastatu, usaindu eta ukitzen ere bai, ondorenean irabazlea izendatzeko.

Kanpotik eguzki izpiak sartzen hasiak ziren pilotalekura, eta berotasunarekin batera jendea ere hasi zen bertaratzen.

Postuz postu biratxoa eginda, denetik zegoen, kutixiak gustuko zituenak bazuen aukera zabala. Jabier Solozabal eta Maria Jesus Arizmendiarrietak hogeita bost urte daramate azokaz azoka gozoak saltzen: laranja edo almendra tarta, euskal pastela... «Baina gehien saltzen ditugunak erroskilak eta madalenak dira», zioen Mañe baserriko Arizmendiarrietak.

Jan eta edanez gorputza edertu bai, baina kanpotik ere zaindu beharra dago: «Eztiz egiten ditugu geure produktuak -zioen Ageda Zeberiok- azalarentzat benetan onuragarria baita propolia». Emakumezko batek kremak begiratzen zituela, «Zelako azala duzu, mistoa edo lehorra?», galdegin zion Zeberiok. Azkenean, aurpegirako eta eskuetarako krema bana erosi zituen. «Gizonezkoak ere etortzen dira -argitu zuen Zeberiok-, beren burua gero eta gehiago zaintzen baitute haiek ere!».

Askoren arreta pilotalekuaren iskina batera zuzendu zen: egurrezko aulkitxoan eserita eta abarkak ondo lotuta gazta egiten hasi zen Eugenio Mendizabal zeraindarra. Alboan Unai iloba zuen, ezer behar bazuen laguntzeko, osabak ez baitu ikusmenik. Ukimenak, ordea, ezta gazta egiten duen eskarmentuak ere ez zioten hutsik egin Mendizabal osabari. Mimoz eta pazientziaz denbora luzez ondo nahastutakoan atera zuen denen harridurarako hilabete batzuen buruan gazta izango den esneki zuria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo