GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Baseen aurka azidoak

Atzo goizean GARA mahai gainean zabaldu eta kafe-aldiko lehendabiziko errepasoa egiten nengoela, hara!, munduko mapa moduko bat ikusi nuen, eta urrunetik ikusita, AEBen bulegoen sarea zela iruditu zitzaidan, hau da, Lurrean goseteak hartuta daudenentzat nazioarteko transnazional errukitsuen %0,7ko laguntzaz zabaldutako Alegiazko Elikagaien Bulegoen sarea. Baina ez zen guztiz horrela; mapa begietara gerturatu eta letra txikerra irakurrita jabetu nintzen maparen benetako egiaz. Amerikako Estatu Batuek munduan zehar estrategikoki barreiatuta dituzten baseen mapa zen. Apenas geratzen zen mundua base-guneetatik kanpo, ez lehorrean ez itsasoan ere. Eta geratzekotan, baseetatik kanpokoak zoo moduko zerbait izan behar du baseen barruan direnentzat. Hainbeste base ikusita, une batez azido izateko gogoak hartu ninduen. Garratza izateko gogoak. Eskerrak base militarrak baino ez zirela mapara bilduak! AEBen base ekumenikoak eta ekonomikoak ere besteekin batera maparatu izatekotan, akabo! Globalizazio garaian globalizatzaileak eta globalizatuak diren seinaleko mapa. Ordena berria. Guantanamo unibertsala. Harresiren bat bota bazuten ere. Amen. Haxe estatu-zerrenda luzea maparen ondoan ageri zena! Garatuak omen diren estatuetako eskoletako ikasle errepikatzaileek berek ere beren eskolaldi osoan ikusiko, are gutxiago ikasiko, ez dituzten izenak ziren zerrendan, Euskal Herriarena bera barne. Mapakoa mapako, susmoa hartu nuen nik zerrendako estatu guztiak hango Estatu Batuen parte direla. Eskerrak ez garela estatu! Momentuz.

Tira, Indiako ozeanoan bertan ere baseak. Piratek bezala. Bahituta duten atun-ontziaren kontura lehengoan correo batean irakurri nuen, kasualitatez, ez pentsa!, gure behean den Estatuaren justizia ei den zer horrek zazpi alternatiba zituela eskuen artean aztergai, atxilotuta dituen somaliar bi horien geroa bideratzerakoan; itxura batean, zazpion artean ez da sartzen bi horiei asiloa ematea, bestela zortzi izango lirateke eta. Kontxo!, pentsatu nuen kolpe batean!, zazpi alternatiba eskuan! Pasaiako kanpoko portuak bat ere izan ez duenean! Zer arraio eta arraio oste! Azpiegitura erraldoien aurkakoek amaitu beharko ote dugu exijitzen proiektuok Justizia Sailak bideratu ditzan, alternatibak kontuan hartze aldera? Ene, ene! Ekoportua esaten diote horri, logiatik baino gehiago nomiatik esango diote eko, diot nik. Hain dira basikoak! Eta basekoak!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo