GARA > Idatzia > Euskal Herria

Akitaniako bozetan aldarrikapen nagusien biran batzea proposatuko dio ABk EH-Bairi

Arantxa MANTEROLA |

Martxoan izango diren erregio hauteskundeetan ez aurkeztea, PNB eta EArekin koalizioan joatea, Europe Ecologie-ren zerrendan integratzea edo EH-Bai hautagaitza osatzea. Aukera horiek aztertu zituzten atzo Uztaritzen egindako biltzarrean bildutako ABko 95 bat kideek. Bosgarren aukera bat ere sortu zen EH-Baiko hautagaitzari dagokion proposamenari egindako emendakin baten bidez, eta hura izan zen, hain justu, bozkatuena.

EH-Bai zerrenda formala osatu baino, Ipar Euskal Herriko errebindikazio nagusiak bilduko dituen formulazio batekin aurkeztu, eta abertzaleei boto-paper berezi horrekin bozkatzeko eskatzea izango da, horrenbestez, ABk datorren astean EH-Baiko gainerako kideei -Batasuna eta EA- helaraziko dien planteamendua.

Hautetsirik ez

Akitania erregiorako Europe Ecologieren haritik osatutako hautagaitzan partaide izatea eskaini zioten Berdeek ABri, baita kontseilari bat lortzeko aukera ere. Alta, Peio Etxeberri-Aintxart eta Andde Sainte-Marie bozeramaileek azaldu zutenez, zerrendan proposatu dieten kokaguneak ez du bermatzen hautetsia erdiestea.

EH-Bai hautagaitza formalarekin ez aurkezteko argudioen artean, kanpainak duen diru kostu ekonomikoa, Akitaniako gainerako departamenduetan aurkeztu behar izatea, eta finean, hauteskunde barruti hain zabalean hautetsia izateko aukera eza aipatu ziren batzarrean.

Halere, Parisek Ipar Euskal Herriarekiko erakusten duen mespretxuak abertzaleen erantzun bateratua merezi duela ebatzi zuen gehiengoak, eta horrenbestez, emendakinak proposatutako boz sinbolikoaren aldeko apustua egitea erabaki zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo