GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | Txapelketa Nagusia 2009

Akrobazia handirik gabeko saioan, Sustrai Colinak egin du salto aurrera

Plaza bikaina Tolosako Usabalkoa. Eta, saioa, txapelketa-txapelketakoa. Salto arriskutsu gutxi eta alanbre gaineko oreka ariketa asko. Distira tarteka -kartzelan batez ere- eta txapelketaren itzala presenteegi. Gaur bukatuko da lehen itzulia Hendaian.

p008_f01_42722.jpg

Amagoia MUJIKA I

Imajinatzen dut oholtza alanbre bihurtzen zaiola bertsolariari gaia entzuten duenean. Eta batzuetan akrobaziarik zailena egiteko ausardia pilatzen zaiola minutu eskas horietan. Beste batzuetan indarrak gaizki neurtu eta korapilatu egiten dela. Eta batzuetan, oreka ahalik eta modu dotoreenean mantentzen saiatzen dela. Atzo Tolosako oholtzara igo zen seikotetik inor ez zen erori modu nabarmenean, denek asmatu zuten alanbre gainean zutik egoten. Ez ziren akrobazia izugarriak ikusi, hala ere. Eta berriz ere frogatu zen txaloak pilatzea baino zailagoa dela puntuak pilatzea.

Puntutan koska bat behera egin zuen atzoko saioak. Sustrai Colinak 646 bildu zituen, aurreko asteburuan Miren Amurizak baino gutxiago (655,5). Eta bigarren itzulira pasatzeko puntuen langa 591 puntutan dago. Gaur, Hendaian, hortik gora ibiltzen dena finalaurrekoetako bigarren bueltara igaroko da.

Lehertu ezinean

Antolatzaileek saioa barkamen eske hasi behar izan zuten berriz ere. Kasik protokoloaren parte bihurtzen ari da hori. Izan ere, aurreikuspen guztiak gainditu eta jendea kanpoan geratu zen, Usabalen ezin kabitu. Barrura 1.700 lagun inguru sartu zirela jakinarazi zuten antolatzaileek. Giro bikaina zegoen bertsotarako, baina, hala ere, kosta egin zitzaion saioari lehertzea. Besterik gabeko zortziko handi baten ondoren, Sustrai Colinak eta Iker Zubeldiak lortu zuten saioaren lehen punta marraztea zortziko txikikoan. Gaia ere, pare-parean etorri zitzaien. «Iker, euskaldun zaharra zara eta 5. aldiz aurkeztu zara EGA azterketara. Aurreko lau aldietan egokitu zaizun aztertzaile bera duzu aurrean, Sustrai».

«Artxarea» zer zen ba ote zekien galdetuz hasi zuen atakea Zubeldiak lehen bertsoan. Sustraik ez ezik, Usabalen geunden askok ez genekien zer den «artxarea», eta hor ibili ginen elkarri galdezka. Artzaintzarekin zerikusia duela, horixe jakin genuena. «Ez da abila baina badu umorea/ ea frogatzen duen bere balorea/ nik ezin dizut esan zer den artxarea/ suspenditu duzula badakit ordea», erantzun zion lapurtarrak.

Puntuak erantzuteko ordua iritsi zenean suspertu zen berriz saioa. Oro har, ondo aritu ziren ariketa honetan. Uxue Alberdik primeran erantzun zituen jarritako puntuak. «Txotxongiloak aurki Tolosan nagusi», bota zion Saroi Jauregik lehenengoa. Eta, Alberdik, «ta kaleko bazterrak baietz haiek nahasi/ txontxongilo izaten gu ez al gera hasi/ nor bere jabe izaten behar da ikasi».

Baina puntuak erantzuten onena Iñaki Gurrutxaga izan zen. Txokolatearen bueltan aritu zen. Hirugarrena, gordetzekoa. «Batzuek jartzen dute sexuaren pare», hasi Jauregik, eta, Gurrutxagak, «ba sexutikan gutxi probatuak daude/ nik badaezpada re bigarrenan alde/ ezin baitegu bizi hortikan jan gabe».

Seiko motzean ere lan txukuna egin zuen Gurrutxagak. Iker Zubeldiarekin aritu zen, eta Zubeldiaren ateraldiei buelta eman zien aldiro Gurrutxagak. Honako gaiari kantatu zioten: «Zuen semeak obesitate arazoak ditu eta medikuak sukaldeko armairuak giltzaz ixteko gomendatu dizue. Iker prest dago baina Iñaki ez».

Zubeldiak hiru kolpe eman zituen. Bazirudien samurretik zetorrela eta azken oinean, kolpea. «Gure semetxo aparta/ hor ibiltzen da bueltaka/ hamasei urte, ia ehun kilo/ ze nolako marka/ pisua gehiegi dauka/ ta gorroto du aldapa/ gizarajoa etxean ere sartzen da zeharka», hasi zen Zubeldia. Eta, Gurrutxagak, «bateko txokolatea/ ta galleta paketea/ oso gustoko dauka semeak hortatik jatea/ ta zure errematea/ ez dezu oso maitea/ orain badakit zerk sortzen dion antsietatea». Eta bide berdinetik jarraitu zuten ariketa guztian. Iker erasoan eta Iñaki txukun erantzuten eta eraso horiei indarra kentzen.

Kartzelako politak

Saio gorabeheratsua izan bazen ere, amaierakoan, kartzelakoan, izan zuen distira gehien. Eta lan politak entzun ziren denen ahotik. Kartzelako lanik puntuatuena Igor Elortzak josi zuen. Hauxe zuten gaia: «Putetxeko aparkalekuan duzu autoa. Oraintxe arrankatu duzu». Elortzaren lehen biak bikainak izan ziren. Hauxe, bigarrena: «Gogoan daukat dira sei urte, lau hile ta hiru egun/ nire bihotza eta arima gelditu zirela ilun/ beti begira hara ta hona/ nonbait ba al da lagun bat ona/ baina ez zegoen inun/ orain autoan enuke gura neu zigortzen hemen jardun/ zerbaitegatik etorri bainaiz behin gelditua alargun/ antzeko batek esan etorri/ goazen barrura ta azkar korri/ bada garaia ta lagun/ guk ere goza dezagun».

Sustrai Colinak ere kartzelako polita josi zuen. «Haizea dator iparraldetik» doinuaren bertsio moldatu bat erabili zuen. Horrelakoetan doinuari erreparatzen hasi eta bertsoaren haria galtzeko arriskua dago. Eta atzo horretatik pixka bat gertatu zen agian. Baina lana oso ona izan zen. Bigarrena, «dagoeneko denek dakite zein den arauen kodea/ errespetatzen ez dira denak horren trebeak ordea/ hona ez baita maiz gerturatzen gizonezko dotorea/ ta batek jada utzi izan dit begia more-morea/ baina hauxe dut nere patua ez dut beste bat hobea/ etxera noa bakar-bakarrik sosak karteran gordea/ baina zein diren patu ezberdinak gizonena ta nirea/ beraientzako bizio hutsa da neretzat bizibidea».

Kartzelakoan Zubeldiak ezusteko polita eman zuen. Istorio bat josten saiatu zen eta emaitza polita izan zen. Besteek aukeratutako bideetatik urrundu zen gainera. Lehen bertsoan zain zegoela esan zigun. Eta, bigarrenean, «ordua ia aurrera doa ta jarriko naiz serio/ zazpiterditan agindu dit ta barrun dago oraindio/ azkenerako hor azaldu zait `nun zabiltz mekaguendio'/ egon hai lasai azaldu nauk ta rubiai einda adio/ gure aitari holako gauzak luze joaten zaizkio».

Agirreazaldegik ere kartzelako polita josi zuen haurtzaro gogorra izan eta maitasun bila putetxera gerturatu den gaztearen ahotik. Uxue Alberdik, berriz, emagalduaren ahotik kantatu zuen eta Iñaki Gurrutxagak, emaztearekin «zoriontasun perfektua» antzeztu eta maiz-maiz putetxera gerturatzen den senarraren ahotik.

Gaur Hendaian jokatuko da lehen itzuliko azken saioa eta bigarren itzuliko zerrenda itxiko da. Kalkulagailuak prest.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo