GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | ETXERATEN IX. BATZAR NAZIONALA

«Elkartasun uholde bat sortu behar dugu eskubideak zapal ez ditzaten»

Etxerateko kideek eta haiei babesa eman zien hainbat eta hainbat eragilek urtarrilaren 2an Bilbon izango den manifestaziora joatera animatu zituzten herritarrak. 17.30ean abiatuko da martxa Aita Donostiatik eta «Euskal presoak Euskal Herrira, dagozkien eskubideen jabe» leloa izango du. Guztiok konpromisoa hartuz lortuko dutela baieztatu zuten.

p006_f0187695.jpg

Maider IANTZI I

Zapi zuria lepoan, euskal preso politikoen senideak Tolosako Leidor Zineman elkartu ziren atzo urteko balantzea egin eta etorkizuneko asmoen berri emateko. Ez ziren bakarrik egon, gizarteko esparru ugaritako jendea joan baitzen eurekin daudela erakustera.

Esker oneko txalo artean igo ziren eragile sozial, politiko eta sindikal eta pertsona esanguratsu hauek oholtzara, eta denen artean adostutako agiria irakurri zuen Saroi Jauregik: «Indarrean dagoen espetxe politikak sufrimendu arrasto luzea utzi du Euskal Herrian -hasi zen-. Milaka dira espainiar eta frantziar estatuetako espetxeetan baldintzarik kaskarrenetan egon izan direnak. Haien eskubideak behin eta berriz zapalduak izan dira. Sakabanaketa, bizi osorako zigorra, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak ez askatzea, isolamendua, bakartzea, mehatxuak, kolpeak, irainak, jipoiak, komunikazioen bortxaketa etengabea eta lekualdatze erabat arbitrarioak eguneroko ogia dira euskal preso politikoentzat».

Gero eta eraso gehiago

Senideek bizi duten errealitatea ere gero eta gordinagoa dela agertu zuen, euren kontrako erasoak gehitu egin baitira hilabeteotan: «Kontrolak bidaietan, mehatxuak, irainak, kriminalizazioa, argazkiak erakusteko debekua eta Etxerat bera legez kanpo uzteko eskaria mahai gainean daude».

«Hori guztia gutxi ez eta asteburu oro milaka lagun heriotzaren korridore etengabe batean sartzen ditu sakabanaketak. 40 minutuko bisita bat egiteko edozein errepide bazterretan bizia galtzeko arrisku bizian. Zuon sufrimenduaren jabe gara», jarraitu zuen Jauregik.

«Eragile sozial, sindikal eta politikoen bidez egungo kartzela politika den eskubideen etengabeko zapalketa gelditu behar dugu. Denon artean elkartasun uholde bat sortu behar dugu euskal preso politikoen eskubideak gehiago zapal ez ditzaten».

Etxeratek martxan jarritako ekimenak babesten dituztela baieztatu zuen, baita bere lanaren legitimitatea eta senide eta lagunena ere. «Ez dugu zuen aurkako inongo mehatxu eta xantaiarik onartzen. Hilabeteotan sufritu dituzuen kontrolak, katxeoak eta irainak salatzen ditugu, eta elkartasuna kriminalizatzeko saiakera ere bai».

«Ez ditugu bakarrik utziko»

«Euskal presoak etxera!», «gure presoak gudariak dira!», oihukatzen zuten Leidorren elkartutako lagunek. Natxi Aranburuk (Peru presoaren aitak) eta Jone Artolak (Josebaren arrebak) aurtengoa presoenganako elkartasunarentzat urte txarra izan dela nabarmendu zuten, hainbat eraso jasan baitute: lehenago Saroik aipatutakoez gain, Andaluziara joandako furgoneten inguruan kaputxadunak agertu zirela eta Lakuak ematen zituen diru-laguntza apurrak bertan behera utzi dituela jakinarazi zuten.

Etxerateko kideen arabera, neurri horien helburua euskal preso politikoak suntsitzea da, euren inguru sozial eta afektibotik aldenduz. «Baina oker dabiltza beste behin ere: umiliazioaren, bortizkeria politikaren eta xantaiaren bidez, ez dute ezer lortuko. Elkartasuna amaitzeko hainbat eta hainbat tresna abiarazi dituzte orain arte, baina ez dute euren helburua lortu eta ez dute lortuko, ez ditugu gure senide eta lagunak inola ere bakarrik utziko». Txalo zaparrada bero batek eten zuen esaldia, eta isildu zenean Aranburuk eta Artolak aurrerapauso bat emateko ordua dela nabarmendu zuten.

«Kalera, kalera, borrokalari kalera...», abestuz eta «gora euskal preso politiko guztiak» garrasi eginez jendea pixkanaka-pixkanaka aretotik atera zen. Gero elkarrekin bazkaldu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo