Hau ez da justizia
Arretaz jarraitu diot Nagore Laffageren erailketa kasuari. Epaia jakin ostean, erailketaz beharrean gizahilketaz, hots, homizidioaz hitz egin beharrak justiziarekiko dezepzioz betetzen nau.
Nagoreren familiaren etsipenari batzen natzaio. Epaia ezagutu ostean haren amak esan bezala, erailketa burutu zuelako epaituak «argi eta garbi» eta, ondorioz, ezin baita ulertu zer gertatu den Yllanesek zigor txikiagoa ordain dezan orain, egindakoa bestela deituta. Deliturik larriena egin ez balu bezala.
Ulergaitzak, halaber, epaimahaiko zinpekoek inguruabar aringarritzat hartutakoak. Batetik, mozkorkeria. Sanferminetan tragoak hartu eta, gauzak berak nahi ez bezala joanda, horra ondorioa: Nagore betiko hilda. Mozkorkeria arina baloratu dute, gainera, ez erabateko kontzientzia galera dakarrena.
Bestetik, itsukeria. Mozkorkeria arinak eragin ezinik, bere izena eta etorkizuna zikin geratzeko beldurrak jota. Egoera desatsegina gera zedin Nagorek esandakoak sortuta, salatu egingo zuela, alegia. Umemoko ahulago, gazteago eta berak baino balio gutxiagoko batek inondik inora egingo ez ziona, kosta ahala kosta. Kostua, badakigu.
Hirugarrenik, aitortza. Harrapatu ostekoa, gorputza gainetik kentzeko txikitzen saiatu ostean -ezin, baliabide egokiak ez zituelako-, ezkutatu eta urrunera bota ondorengoa, ikerketak bai ala bai bera seinalatu eta gero, bere burua irtenbiderik gabe aurkitutakoan. Gero dena aitortu eta poliziari nahi beste lagunduko zion, baina aitortza zigorra arintzeko balio izateak ez du ez hanka ez bururik.
Azkenik, eta pertsonalki alaba modu horretan galdu duen familiarentzat iraingarriena dela iritzita, ondorioak itzulezinak eta gaindiezinak ez balira, broma hutsa lirudikeena, kaltea konpondu izana. Hori hiltzaileak hildakoaren familiari diru kopuru jakin bat ematean datza. Kasu honetan, alabaren hutsunea betetzeko-edo, hura berriz ez ikustea, berarekin hitz egitea edo bere bizitzan berarekin aurrera ezin egitea konpontzeko. Ezaguna da diruaren balio gorena mundu honetan, baina ziur nago ez duela familia horren bihotza konponduko, ezerk ez diela benetan euren mundua konponduko liekeena emango: Nagore, hain zuzen. Dena hautsi dienak, ordea, borondate ona erakutsi du kaltea konpondu nahian eta aintzakotzat hartu behar zaio bere mesederako.
Legearen arabera, dena, jakina. Kasu honetan, baina, badirudi, legea oinarritzat, nolabait justifikatu egin dela hiltzailearen jokabidea. Epaimahaikideen ustea da «gaizki-ulertuek» funtsezko papera jokatu zutela amaiera hori gerta zedin. Ekin ziotela sexu-harremanari, gogor antzera, eta Nagorek «ez» esan zuenean, geratu eta joan nahi izan zuenean, hain zuzen, legeak babestu nahi dituen askatasun eta biziaren gainetik, balio handiagoa izan duela zerk eraman zuen Yllanes hori egitera, eta une hartako bere egoerak. Eta ondorengoak.
Zergatia garbia da, ordea, emakume baten ezezkoa baino ez, beste behin. Justizia al da horrek eragin zuenari aringarriak eta izen-aldaketak bilatzea? Justizia al da emakumearen hitza behin eta berriro horrela gutxiestea?