KRONIKA I TXAPELKETA NAGUSIA 2009
Amets Arzallus lehena eta atzetik beste bostak, denak bigarren itzulira
Lehen itzuliak kategoriako amaiera izan zuen atzo, Hendaian. Sentimenduak eta bertso onak airean. Arzallus nagusitu zen puntutan koska igo zuen saioan. Eta atzoko seikotetik seiak igaroko dira bigarren itzulira.
Amagoia MUJIKA I
1.600 laguneko plaza bost minuturen bueltan barre-algaratik negarrera pasatzen denean, zerbait handia gertatu den seinale. Eta zer eta bi agur ez puntuagarri; bata Aitor Sarriegirena, autoa salgai duela esateko -iragarki-taula bikaina Beltzeniakoa- eta bigarrena, Onintza Enbeitarena, Almerian preso dagoen bere lehengusina Olatz bezperan vis a vis-ik gabe geratu zela kontatzeko. Lanak izan zituen Enbeitak azken agur hori amaitzeko, negarra korapilatu zitzaion eztarrian. Hendaiako plazak txaloka aupatu eta lortu zuen agurra amaitzea. Eta atzera aulkira bueltatu zenean Jon Maiaren besarkadak gozatu zizkion malkoak. Algara eta malko horiek ez dira inongo sailkapenetan kabitzen, baina horiek egiten dute magiko bertsolaritza. Eskerrak bertsolariek gogorarazten diguten hori.
Amaiera ahaztezina izan zuen Hendaiako finalaurrekoak, baina saio osoa joan zen goitik eta berezi. Hasieran bertan, bertsolariak jendartetik oholtzara hurbildu ziren unea sekulakoa izan zen. Hura txalo zaparrada. Eta giro bikainari bertso bikainak marraztu zizkion oholtzako seikoteak.
Arzallus, oso indartsu
Zortziko nagusitik eman zuen abisu Arzallusek. Aitor Sarriegirekin batean, ariketa polita josi zuten biek. «Zuen bizilagunen haurraren negarrak esnatu zaituzte gauean; leihora atera, eta bakarrik ikusi duzue etxeko balkoian». Horixe zuten gaia. «Beste behin ere negar oihuak pasa du loaren marra/ beste behin ere berpiztu egin zait lehengo gorputzaldi txarra/ ez bada ona ordu hauetan negarrak entzun beharra/ okerrena da gauerokoa dela haur horren negarra», hasi zen Sarriegi. Saio benetan erregularra osatu zuen eta tarteka goia jo zuen.
«Ta gau berri bat gerturatu da beste gau zaharren ondoren/ ai baina gaurko negarrak dira minetan minetan goren/ negar eginda ama ta ama galdezka ari da non den/ nahiago nuke nik neuk baneki zure ama nun dagoen», Arzallusen erantzuna.
Lehen ofizio horretan Jon Maiak eta Onintza Enbeitak ere ale ederrak utzi zituzten. Egia esan, Jon Maiak saio oso ona josi zuen, oso kontzentratuta eta indartsu sumatzen zen.
Zortziko txikiko ariketan Aitor Sarriegi berriz ere primeran. Sotorekin batera aritu zen. Aitorren etxean ohe jolasean ari direla, espero baino lehenago etxeratu dira gurasoak. Sarriegiren bigarrena: «Baina zer diozu ez da berriketa/ atean entzun ditut hiru giltza buelta/ balkoira irteteko hartu zazu beta/ armairuan ez zera kabituko eta».
Puntuari erantzuteko ariketan berriz ere Arzallusek pilatu zuen puntu gehien. Hiru puntu, hiru erantzun bikain. Hala ere, orokorrean denek erantzun zituzten ondo puntuak. Onintza Enbeitaren hirugarrena, ederra. «Hormarik handienak buruan ditugu», bota zion Zuriñe Iarrituk. Eta, Enbeitak, «hori hala izango den ez dakit seguru/ apurtzen saiatzea hobe buruz buru/ egunen baten libre izan nahi badugu».
Eta berdin Maiaren hirugarrena, «hainbeste jende ez da biltzen plazaz plaza», gai-jartzaileak. Eta, Maiak, «hemengo panorama ez da ez eskasa/ a ze animo pila a ze txalo jasa/ zuek zerate gure bertsoen arnasa».
Sei puntuko motzeko ariketetan nabarmentzeko dezente izan ziren. Egia esan, bikote guztiek utzi zuten apartatzeko modukorik. Enbeitak eta Sotok hasi zuten bidea. «Arrantzan ari zarete itsaso zabalean. Bost miliara arrain-banku handia dago, baina enbata dator. Juliok aurrera egin nahi du. Onintzak, ez». Horixe zuten gaia eta Enbeitaren bigarrena, hauxe: «Beldurra ez da arraro/ hemen normala zeharo/ behin itsasoa holan jarrita arrantza akabo/ ni enoa urrunago/ ta neurean sendo nago/ kanposantua jende ausartez beteta baitago».
Jone eta Amets ere ondo aritu ziren ariketa honetan. Jonek bidea errazagoa zuen eta aprobetxatu zuen. «Neba-arrebak zarete. Ama alarguna ikusi duzue gaur zuen adin bertsuko bati besotik helduta. Jone poztu egin da. Amets, ez». Uriaren lehena oso polita izan zen. «Zelako bikote fina/ printzea ta erregina/ amarentzako gazte hori da gaur printze urdina/ lehenago dena zen mina/ etzait inporta adina/ edo ez behintzat gure amaren zoriona adina». Eta Ametsek primeran erantzun zuen.
Sarriegik eta Maiak ere ariketa polita osatu zuten. Aitor, igeltseroaren paperean eta Jon, nagusiarenean. Lan asko zutela-eta, nagusiak aste eta jai lan egiteko eskatu dio. «Barkatu baina langilea naiz ta ez esklabua», hasi zen Sarriegi. Eta, Maiak, erantzun, «Pikoa eta palanka/ ez duzu langile planta/ hemen bizitza gogorra da ta hobe da aguanta/ etzazula eman lata/ hori da hori zarata/ ez langilea, ez esklabua, alperra galanta». Egia esan, Maiak primeran bete zuen nagusi kabroiaren papera.
Kartzelan, etxea salgai
Kartzelako gaia: etxeko balkoian salgai kartela zintzilikatzen ari zara.
Julio Soto bere ametsetako etxea saldu behar duenaren azalean sartu zen. «Zein gertu duen mendia gertu itsasoko bitsa/ zein polita iluntzea ta goizeko argi printza/ nahiago nuke betiko nerea izango balitza/ baina iaz galdu nuen nere azkeneko langintza/ kartela ipini diot ta eskutan daukat giltza/ guztia 80 milioi hori da nere baldintza/ Inglaterrako turistak erosi nahian dabiltza/ enuen saldu nahi baina holakoa da bizitza».
Sotok bezala Sarriegik habanerara jo zuen. Hirugarrena, apartekoa. «Edukiz aberats gabiltz eta kontzientziz txiro/ gure etxe ederretan bizi gera haundikiro/ ta politikoez berriz, horiekin nola fido/ jendea itolarrian ta haiek trarailariro/ diotenez ez digu ba jo behar honek lau tiro/ hobera egingo omen du, gure bizi maila igo/ baina halakoak gara ta pentsatzen dugu bingo/ ta gu eroriko gara harri berean berriro».
Arzallusek saio guztikoa errematatu eta kartzelakoa dotore osatu zuen. Bigarrena: «Hamar urteko lotura bat zen izenpedura bat fina/ hilabetero hainbeste euro ordaindu behar jakina/ baina ai gure lana askotan ez baita izaten duina/ horre gure ahalegina/ banku ketan aldegina/ norbere etxea saldu beharrak horrek ematen du mina/ ta min doble da saldu beharra norbere eskuz egina».
Jon Maiaren kartzelakoa ere benetan ederra izan zen. Alargun baten ahotik aritu zen. Hauxe, hirugarrena: «Etxe bat ez da bakarrik adreiluzko materiala/ etxe bat bi bihotz dira hori baita naturala/ pasilotan nunahi dabil sentimenduen ezpala/ eta ahaztura dut eginkizun printzipala/ hustu ditut kajoiak ta jaso dut bere apala/ orain banoa etxetik behin hartu nuen bezala/ salgai jartzen det balkoian pekatua al da ala/ zoriontsu izan leiken norbaitek eros dezala». Esandakoa, lehen itzuliak kategoriako amaiera.