Argi beltzaren erakarpen indarrak itzaletara bildu gintuenekoa
Metal industrialaren hotza su jaurtigailuekin berotu eta soinu eztanda ikaragarri batekin BEC dardara batean jarrita, larunbat gaua piztu zuen Rammsteinek.
Anartz BILBAO I
Alemanez kantatzen duten taldeak ez dira ohikoak gurean, baina “Du hast” (zuk daukazu edo zuk gorroto nauzu) singlearekin gailurra jo zutenetik, mundu mailako talde handi bilakatu zen Rammstein orain hamar urte, eta harrezkero 12 milioi disko saldu ditu, han eta hemen.
Ordutik gurean izanak dira behin baino sarriago –Donostian bitan–. Azkenengoz herenegun, “Liebe Ist Für Alle Da” (maitasuna hor da, guztiontzat) aurkezteko Barakaldora jo baitzuten, Bilboko Fnac saltokian 700 bat zaleri lan berria sinatu ostean.
Metalezko harmailaz inguratutako BEC aretotzar hotza aproposa da oso Rammsteinen soinu eztanda jasotzeko. Zuzenekoa ezohiko Combichrist laukote estatubatuarrak ireki zuen (bi bateriak, abeslariak eta teklatu-jotzaileak osatua), eta hamarretarako prest zen seikote indartsua.
Gihartsua
Metal industrial hotza jotzen duen taldeak sua behar du inguruan, eta zale aldrak bero hartu zuen hasiera-hasieratik seikotea, sutsu oso. Gainera, gorputzez zein soinuz, talde gihartsua dugu Rammstein, musika kontu fisikotzat hartzen duena. Eta horretarako, soinuak bularrean kolpea eman dezan, indarra behar da.
Till Lindemann igerilari ohiak berezkoa du indar basa hori, presentziaz eta ahots gordinez. Abeslariak taldea –bereak ditu hitz joko eta esanahi bikoitzez beteta dauden kantuen letra gehienak– eta ikuskizuna gidatzen du oholtza erdian sendo paratua, ezker eskuin gitarra-jotzaileak dituela. Baina kantariak atzean zuen, baxu-jotzailearekin bigarren lerroa osatzen, Rammstein mastodontearen benetako elikagaia, Christoph Schneider bateria-jotzaile latza, tanzmetall edo dantzarako metala generoari izana ematen diona. Eta honen ondoan, taldeak melodikoki funtsezkoa duen Christian Lorenz teklatu-jotzaile eszentrikoa –entzun bestela “Du hast” izugarriaren teklatu linea–, jantzi dirdaitsuak soinean eta dantza xelebrea oinetan. Gimnasioetan korrika egiteko erabiltzen diren zinta batean ibili eta ibili jo zituen teklatuak zuzeneko osoan zehar, bukaera aldera gomazko ontzian sartuta zaleez osatutako itsasoan nabigatzera atera arte.
Zuzenekoa oso indartsu hasi eta bortitz bukatu zuten ordubete geroago, ikuskizuna beste bi agerraldirekin ordu eta erdira luzatuz, ordurako bular bistan ziren beltzezko zaleen zoramenerako. Eta horretarako, “Du hast” ezinbestekoa edo “Pussy” asaldagarria (taldeak izugarri maite du polemika) ez ezik, Rammsteinek eskegitako panpinak –ume hilak–, kontsolagailuak, su artifizialak eta, batez ere, su jaurtigailuak erabili zituen, argi kanioi ikaragarri eta suz, su kiskalgarriz betetako argi eta itzalen ikuskizunean.