GARA > Idatzia > Kultura

BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA

Zenbat dira, lau, bat, hiru, bost, zazpi

Bertsolaritzaren historian inoiz ez da errepikatu final bat. Eta pentsatzekoa da aurtengoa ere aurrekoaren desberdina izango dela. Berez, zazpi aulki daude libre BECen. Andoni Egañaren ipurdia bakarrik dago seguru. Berez. Baina beste lau bertsolarik ere non eseria izango dutela ia segurutzat jotzen da, puntutan koskatxoa lortu dutelako eta huts handi samarra egin beharko luketelako finaletik kanpo geratzeko. Aulki-jokoa eta kinielena martxan daude.

p046_f01_250x128.jpg

Amagoia MUJIKA |

Zenbat aulki daude jokoan? BECeko finalean zenbat aulki daude oraindik hutsik? Berez, zazpi. Andoni Egañak baino ez dauka non eseri. Baina, Egañarenaz gain, beste lau ipurdi nahiko seguru daude, lehen itzuliko sailkapenean lau puntuazio onenak lortu dituztenak. Eta laurak aurreko finalean aritutakoak. Zerrendan atzera samar joan behar da, 50 puntu inguru behera, beste bi finalisten izena topatzeko; Igor Elortza eta Unai Iturriaga. Koska handia al da 50 puntukoa? Dakitenei, bertsolariei, galdetzea onena.

«Niretzako hiru aulki bakarrik daude libre. Deskalabru handirik ez bada gertatzen behintzat, Egañaz gain beste lau nahiko seguru ikusten ditut», esan du Sebastian Lizasok. Eta libre dauden hiru aulki horien bueltan «dozena bat ipurdi» ikusten ditu. Aulki-joko dotorea.

Sailkapeneko puntako lau horien eta azkenekoen artean 50 punturen gorabehera dago. Saio bakarrerako koska handia al da? «50 puntu asko da. Gainera gauza bat da lehen azpitik dagoenak 50 puntuko aldea lortzea, baina, horrez gain, gorago dagoenak huts egin beharra du. Bi faktore elkartu behar dira azpitik dagoenak gaina hartzeko; berak sekulako saioa egitea eta goitik dagoenak huts egitea. Zaila da», jarraitu du Lizasok. Eta horri guztiari presioa gehitu behar zaio. «Presioa tamaina batean ona da, baina gehiegi, ez. Eta juxtu lehen finalean egondakoak dira atzeen daudenak. Lehengo finaleko zortziak errepikatzea ezinezkoa ikusten dut nik».

Gaur bertan Gernikan abiatuko den bigarren itzulian ariketak aldatuko dira: hamarreko handia, zortziko txikia, hamarreko txikia, koplak eta kartzela. Eta ariketek saioen martxa ere alda dezaketela uste du askok. Lizasoren esanetan, «hamarreko handikoak publikoarentzat nahiko astunak izan daitezke. Koplak, ikusi egin behar. Baina bertsolarien aldetik, ez dut uste mesederik edo kalterik inori egingo dionik aldaketak».

Beraz, finalean aurpegi berriak egongo direla kasik segurutzat jotzen da, nahiz eta txapelketan, ezer ez den segurua. «Nik uste dut sar daitezkeen aurpegi berri horiek dagoeneko asko irabaziko dutela. Baina, gero, finalean, ez ditut txapelerako hautagai bezala ikusten».

Ezaguna da Lizaso-Egaña bikoteak zer-nolako lotura duen eta Sebastianek oso ondo ikusten du egungo txapelduna. «Aspaldian dezente nabil berarekin eta oso zentratuta eta ondo ikusten dut. Seguru dakit besteren batek Egañari txapela kendu behar badio, finala zoragarria izango dela. Berak ere, berea eman eta gero, txapela beste batek janzten badu, ez du penarik hartuko. Eta irabazten duenak bertsotan ondo eginda irabazi beharko du».

Orokorrean, txapelketan maila «oso ona» ikusi du Sebastian Lizasok. Oholtzara igotzeko inbidiarik ez du sentitu, baina aitortzen du batzuetan arra sumatzen duela barruan. «Gai bat entzun eta `nik hau edo bestea kantatuko nuke' pentsatzea askotan gertatzen da. Eta ez txapelketan bakarrik, edozein saiotan. Eta sufritzea ere tokatzen da, han kantuan dagoena laguna duzulako eta batzuetan ikusten duzulako hanka sartu duela edo ideia bikain hori ez zaiola etorri. Txapelketak bietatik dauka, gozatzeko eta sufritzeko».

Estitxu Arozenari ere kosta egiten zaio saioa besterik gabe entzutea. Beti estutzen da pixka bat gaia hemendik edo handik helduko lukeen pentsatuz. Eta oholtzan daudenak zenbat eta gertuagokoak izan, orduan eta gehiago estutzen da.

«Finalaurrekoetan, lehenbiziko buelta baino lehen, esaten nuen zortzitik zazpi finalista berdin baietz, eta orain ez dut gauza bera pentsatzen». Arozenaren esanetan, «finalista berri bat seguru izango da, eta bi, segur aski. Hiru esatea asko izango litzakete». Baina bi finalista berri kasik seguru ikusten ditu.

Aurpegi berriak izatea normala eta mesedegarria da lesakarraren ustez. «Pilotan-eta antzekoa gertatzen da. Jende gaztea oso ondo prestatzen da eta elitean 20 urte daramanak freskura lortzeko lan asko egin behar du. Eta, gainera, pasatu da agian inoiz pasatu ez dena, Igorrek eta Unaik nahiko saio pattala egin dutela. Kontua da lehen saio hori eginda inork ez zuela gainditzen, baina, orain, zuk pixka bat huts egiten baduzu hor daude besteak zain. Lehen aldeak handiagoak ziren, eta orain badago jende dezente maila oso onean dagoena».

Puntuatzeko moduan ere ikusi du aldaketarik. «Urte askoan bertso onari 6,5 puntu eta txarrari 6 eman izan zaizkio. Oso alde gutxiko puntuazioak izaten ziren horregatik. Eta bertso munduan asko eta askotan aldarrikatu izan da bertso onari lasai eman behar zaizkiola puntuak eta txarrari lasai kendu. Eta uste dut aurten hori pasatu dela. Orain arte bertsoa 0tik 10era puntuatzen zela esaten bazen ere, benetan 5etik 7ra puntuatzen zen. Eta hori aldatu dela uste dut, eta onerako izan dela», jarraitu du.

Bakoitzak goia non duen

Unai Agirrek ere Egañaz gain beste lau bertsolari nahiko seguru ikusten ditu finalean, «baina ehuneko ehunean ezer ez dago erabakita. Saio kaskarra egin zuenak bikaina egin dezake orain, eta alderantziz».

Agirrek ere bertsolari asko ikusten ditu hiru aulki horien inguruan bueltaka. «Puntu gutxiren bueltan bertsolari asko daude. Eta dena erabakitzeko dago beraz». Hala ere, bertsolari denek ez dituzte gaitasun berdinak. «Jakin behar da bakoitzak goia non daukan. Jokoan dauden batzuek goia oso goian daukate eta horiek asko eman dezakete. Baina askotan hil ala bizi joaten zarenean oso zaila da ehuneko ehuna ematea».

Egia da. Maila oso altua duenak egin dezake saio aparta eta aurrera egin finalean. Baina aulki-jokoan dauden gainontzekoak ez dira herrenak. «Maila oneko bertsolari asko daude. Gerta daiteke batzuek huts egitea, baina seguru izan beste batzuek berean asmatu egingo dutela».

Txapelketa hasterako pentsatzen zuen Agirrek finalisten zerrendan aldaketak egongo zirela. «Aldaketak espero nituen. Egia da ezustekoak izan direla izen batzuekin, baina beti gertatzen dira halakoak. Beste batzuetan akaso aulki bakarra izaten da jokoan eta aurten, hiru».

Denek dituzte beren kinielak eginda, baina inork ez ditu esaten grabagailua itzali arte. Off.

Azken asteotan, eguneko 400 sarrera ari dira saltzen Barakaldoko finalerako

Gernikako Jai-Alai pilotalekuan 2.000 lagun inguru kabitzen dira eta leihatilan 400-500 sarrera izango dira salgai. Jon Agirresarobe txapelketako koordinatzailearen esanetan, Iruñeko Anaitasuna «oso areto moldagarria da». 2.500 lagunentzako tokia prestatuko dute bertan eta 2.000 lagunetik gora izatea espero dute. Leihatilan 800 bat sarrera egongo dira. «Areto hauek handiak dira eta sarrera gehiago izango dira leihatiletan salgai», jarraitu du Agirresarobek.

Donostiako Belodromoan 5.500 lagun sar daitezke eta sarrera erdiak baino gehiago salduta daude jada. Datorren aste osoan izango da sarrerak erosteko aukera eta ikusi egin behar Belodromoa gozatzen asmatzen ote duten bertsozaleek. Eta, azkenik, Barakaldoko BEC. «Dagoeneko 11.000 sarreratik gora saldu ditugu. 2.000 sarrera inguru faltako dira saltzeko. Harrituta gaude azken asteotan egunero 400 bat sarrera ari baikara saltzen. Finalerako psikosi handia sortu da eta jendea sarrerarik gabe gelditzeko beldurrez dago. Eta egia da txapelketatik oso aparte dagoen jendea ere finalera joaten dela. Hori beti gertatu izan da».

Normalean Durangoko Azokan BECeko finalerako sarrera asko saltzen da. Baina, martxa honetan, antolatzaileek ez dute espero sarrerak Durangora iritsiko direnik, denak lehenago salduko direla uste dute. Herrietan finalera begira jarritako salmenta puntuak ere atzo bertan kendu zituzten. Beraz, Internet bidez edo saioetan erosteko aukera bakarrik geratzen da. A. M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo