Luis Bilbao Larrondo Historialaria
Eraiki, Bilboko auzoen ahotsa
Fernando Teran hirigileak zioenez, hirigintza demokratizatu behar dugu, alegia, hiri hondatua berregiteko eginkizun horietan hiritarrek parte hartu behar dute
Lehengo irailaren 29an Eraiki Bilboko auzo elkargoen federazioa sortu zen. Behin-behinean, hemeretzi auzo elkartek osatzen dute eta geroago beste hemezortzi gehiago batuko dira. Orotan gaindi, Bilboko auzoak, «herri xumea», defendatzeko asmoarekin jaio da.
Zer dela eta? Dirudienez, beraien eskaintzei Bilboko Udalak sor eta gor egin die, egun arte luzamendutan ere ibili da, eta ukoan egotea azkenaldian errepikatu ohi den gertaldia ere bada. Horregatik guztiagatik, Bilboko Udalaren jarrera aintzat hartuko bagenu, Eraikik Udalari zuriak eta beltzak adieraztea helburutzat izatea ez da harritzekoa.
Hargatik, bilbotarrek ahazteko duten ahalmena pairatu ezina da. Inork ez dezan ahantzi frankismo eta trantsizioaren garaian egindako burugabekeriei irtenbidea aurkitzeko auzo elkarteek gatazka bizian egin zuten lana. Halaber, 80ko eta 90eko hamarkadetan jo eta su hiriaren arazoak konpondu nahian zebiltzan. Ekintza horiek bilbotar guztientzat onuragarriak izan direla adierazi behar dugu. Tamalez, ezagun da bilbotar gehienek ez zutela parte hartu ez manifestazioetan ez borroketan. Betiko arazoa da, gutxik egiten dutenaz denak baliatzen dira. Zenbaitek esango luketen gisan, hori azal lodia izatea da.
Bistakoa da hori ez dela zuzen jokatzea, eta esan gabe doa, Bilboko gizartea bere funtsean ez dela konprometitua, usu gertatu izan baita denon laguntza behar denean, beste alde batera behatzea. Agidanez, dagoeneko ahaztu egin dira trantsizioan Fernando Teran hirigileak zioenaz: hirigintza demokratizatu behar dugu, alegia, hiri hondatua berregiteko eginkizun horietan hiritarrek parte hartu behar dute. Ez aldian-aldian eta bai ordea auzo elkartekideek soinez soin.
Hogeita hamar urteren ondoren auzo elkarteek erabaki hori hartu izanak akaso politikariek lan-zotzik ez dutela egin esan nahi ote du? Auzo elkartekideek zipotza sartu dietela sentitzean urak eta suak hartuko balute normaltzat joko genuke, ezta? Auzo elkarteak hiriko gizabidezko kontseiluaren barruan (Bilboko Udalak sortutakoa, ideiak, proiektuak eta hautabideak jasotzen egonda hiriaren birsorkuntza egiteko) ez egotea egoera honen leherrarazlea izan da. Bestalde, Udaletik uko biribil bat baino ez zuten jaso.
Dena dela, Eraikik argi utzi du bere asmoak zeintzuk diren: garraio publikoak bultzatzea eta ingurumenaren defentsa egitea. Horrez gain, politikariak ez direla izan nahi eta hiriaren etorkizunean parte hartu nahi dutela adierazi digute behin eta berriz.
Udalak, bizkitartean, giroa berotzen dihardu. Azkunak komunikabideen aurrean zioen ez zuela onartuko horrelakorik, hots, auzo elkarteak Udalaren boterea gutxiestea. Alkateari esan behar diot hortik ez dela ondorioztatzen arrazoi duenik. Are gehiago esango nuke, hau guztia euren jokabidea dela medio gertatu baita. Eraikik alkatearen jarrerari setakeria leporatu zion. Apika, artegatasun honen atzean, Eraikiren helburuari zegokionez, Bilboko Udalak guztioi ezkutatu nahi dizkigu bere irizpidea eta hiriaren eredua, nola edo hala. Ez da demokratikoa ez eta molde onez jokatzea ere. Bilboko hirigintzaren historian zehar, Bilbo berriaren eraikuntzan gizarte zibilaren aldetik eztabaida eta esku-hartzea urriak izan dira, salbuespen ohoragarriak izan ezik. Burura datozkit, esate baterako, Garikoitz Gamarra eta Andeka Larrea filosofoek, «Bilbo eta bere berdina» liburuan, egindako galdera: nola uler daiteke pasatzea gizarte gogotsu eta borrokalari izatetik, 70eko eta 80ko hamarkadetan, boteretsuekin bat etorri eta geldoa izatera, egun gertatzen den moduan? Baten batek ez daukala ez hanka ez bururik esango luke, ezinbestean onartu genuela.
Hori dela eta, Eraikiren beharra guztiz justifikatuta dago, demokraziaren zuztarretik datorkiolako boterea, hots, hiritarron ahotsetik hain zuzen. Are gehiago esango nuke, une honetan alderdien premia kolokan jarriko nuke, hiriaren benetako ahotsa, hau da, herritarrarena, ez baita alderdiena, Bilbon behintzat ez. Besterik ez duenarentzat ez da helduleku txarra.
Iraultza ederra demokrazia baliatuz aldaketa sustraietatik egitea, gerta ala gerta. Hori lortu ondoren, egun gomutagarri izango litzateke anitzentzat. Hala ere, lehenbizikoan ez dezagun etsi. Hau guztia dela-eta, baten batzuk alkateari entzuteko prest geundeke, zeharo tronpatu delako eta ez duelako egin behar beste, estu eta larri. Ziurrenik beste batzuek esango liokete: usoak joan, sareak heda.