Alpinismoa Tien-Shan
Alexei Kosyakov, bakarka Pobeda mendian gora
Alpinista errusiarrak ezohiko igoera egin du Tien-Shan mendilerroko zazpimilakoan. Ipar ertza edo Abalakova bidea bakarka eta estilo alpinoan igo du. Hamabi eguneko jardun hori, Errusiako 2009ko Crystal Peak mendi sariko hautagaietako bat da.
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Aurreko kronika batean, Pobeda mendian (7.439 m, Tien-Shan) egin ziren goi mailako jarduera batzuk ekari genizkizuen. Hirugarren baten aurkezpena egin nahi genuke orain; izan ere, aurrekoak bezala, datozen lerrootan aipatuko duguna, Errusian antolatzen den Crystal Peak mendi sariko hautagaia da.
Jarduera honek berezitasunik badu, besteak beste, Pobedan eginiko bakarkako igoera izan dela da. Gogoratu behar dugu zazpimilako horrek zortzimilakoak eskalatzeko taktika edo estrategia bera eskatzen duela. Horrela bada, zazpimilakoa bada ere, Karakorum edo Himalayako handien parean da. Alexei Kosyakov alpinistak hamabi egun behar izan zituen Pobedan eginiko jarduera burutzeko. Eta, gainera, bakarka.
Errusiar alpinistak sona duen bide bat aukeratu zuen: ipar ertza edo Abalakova bidea. Garai batean bide hori gehiago eskalatzen zen, hots, klasiko bat bihurtu zen. Baina, denboraren poderioz, beste bide batek hartu zuen bere lekua. Hain zuzen ere, 1961. urtean D. Medzmariashvili georgiarrak zabaldutako bideak; 5B zailtasuneko bidea da errusiar eskalan.
Hamabi eguneko jarduna
Bakarkako lana egiteko, Kosyakovek ondo baino aztertu behar izan zituen aukeratutako bideak dituen aldeko eta aurkako eiteak: «Abalakova bidea motzagoa da, eta haren ertzak zuzen-zuzenean gailurrera eramaten zaitu. Hori bai, elurroldeen arriskua handia da. Dozena bat baino gehiago lagun hil dira marra horretan, eta, ondorioz, alpinista ia denek Abalakova bidea alde batera uzten dute».
Kosyakovek igotako bidea gogorragoa da, 6A zailtasunekoa errusiar eskalan. Guztira ia 3.000 metroko desnibelari aurre egin behar zaio: 4.500etik 7.439ra.
Pobeda mendia ipar ertzetik igo eta jaisteko hamabi egun behar izan zituen Kosyakovek. Eskalada hasi aurretik, nahikoa informazioa zuen; alabaina, sekzio batzuetan nahastu egin zen. «Argi neukan estilo alpinoan igo behar nuela; beste alternatibarik ez nuen. Oro har, eskalada luzea eta era berean oso aberatsa da. Hirugarren egunean, adibidez, Chung-Toren, Khan-Tengri edo Eki Pobedako irudi ikaragarriak nituen. Soilik 38 metroko soka bat eraman nuen, nahikoa zati teknikoenetan erabili eta haiek gainditu ahal izateko. Hainbat egunetan haizeak gogor astindu zuen, eta oso ikuspen txarra izan nuen. Hala ere, eguraldi ona izan nuen».
Behin kanpaleku nagusian, errusiar alpinistak onartu zuen bakarka eginiko jarduera hau oso aberasgarria izan zela: «Bakarrik joatearena ez zen neure helburu nagusia. Hasiera batean Poloniako bi alpinistarekin eta Nicholas Basipovymekin eskalatu behar nuen, baina azken unean, arazo batzuk tarteko, ez ziren etorri. Banekien bakarka igotzeak konpromiso handia eskatzen duela, baina, haatik, bere alde onak ere izan zituen. Hots, nire erritmoan eskalatu nuen, igotzeko estrategia nik neuk atondu nuen, autonomia osoz jardun ahal izan nuen... Behin gailurrean, alboan kiderik ez nuenez, nire emozioak ezin izan nituen inorekin partekatu, baina merezi izan du».