Josebe Egia
Azaroak 25, gainerako egunak eta pertsonak
Azaroak 25 dugu etzi, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Eguna. Edo asteazken buruzuria. Lehenengoa izateagatik, hainbat erakunde eta elkarteren adierazpenak eta gaiaren inguruko txosten eta iritzi ugari izango ditugu paperetan. Kalean, berriz, kontzientziatzera, aldarrikapenera eta salaketara bideraturiko mobilizazioak, ofizialak eta herri mugimendutik jaiotakoak, emakumeen elkarlanetik gehienbat, oraindik ere.
Horren atarian, horrek guztiak beharrezkoa izaten jarraitzen duela argi ikustera garamatzaten egitate ugari ditugu; ezagunak dira batzuk, eta ondorioak ondorio, emakumeen kontrako indarkeria esparru ezberdinetan nola egikaritzen den eta nola edo nortzuk eta zergatik estaltzen edo gutxiagotzen duten ikusarazteko, eta neurriak hartzeko, balio behar dute, besteak beste.
Esaterako, Langraizen gertatutakoa, kasu isolatutzat jo behar al da? Emakume horiek euren espetxe burua salatzeko erakutsi duten adoreak eta ondoren eduki behar izan duten pazientziak, lehenik salaketa atzera botata itxaron behar izan dutena itxaronda, ez al digute erakusten espetxeen mundu ezkutuan halako egoerekin amaitzeko jasaten den beldurra, presioa eta zailtasuna? Ez al digu pentsarazi behar zenbatek hautatuko ote duen isilik geratzea eta ahalik eta min gutxien jasatea?
Ñabardurak ñabardura, espetxe munduan bezala arlo guztietan. Emakumeen kontrako indarkeria bortxatu, jipoitu edo hildakoen datuekin lotzeko joera dago, zenbat eta handiagoa zenbakia, orduan eta alarma edo hitz jario handiagoa; zenbakiek, baina, zati bat besterik ez dute erakusten, eta zati bat ikusteko baino, egoerari bere osotasunean heltzeko balio behar lukete, zenbakiak gaindituta sakonago landuz, arazoarekin bukatuko badugu.
Sakonki aritzeak asteazken buruzurien garrantzia dakar, eta ostegunena eta igandeena. Eguneroko bizimoduaren eta ahaleginaren garrantzia, alegia. Eta egunerokoan mugitzen garen arlo guztietako eragileen partaidetza. Hezkuntzan, lan munduan, intimitatean, aisialdian, gizarte ekintzan, besteak beste, denetan eta denok -gizonek barne- izan behar dugu argi emakumeen kontrako indarkeria ez dela mundu arrotzetan gertatzen den zerbait itsusia, tarteka kasu zehatzak eta zenbaki lazgarriak erakusten dizkiguna, edo pertsona ilun eta desorekatuek baino ez dutena erabiltzen, gugandik urrun dauden gaixoek, alegia; argi izan behar dugu indarkeria mota konkretu hau egiturazko arazoa dela, mendeetan zehar eratuz eta sendotuz joan den egitura, gizonak gidaritza, erabakia eta boterea izanda, emakumea mendeko utzi duena. Bizirik dirauena, bizitzako esparru guztietan ez ezik, pertsonengan ere, eta ondorioz, belaunaldien arteko transmisioan. Horra hor edozein egunen garrantzia, horra hor gutariko bakoitzaren erantzukizuna.
Etziko eguna beharrezkoa da, borondate finkoaren eta konpromisoaren berrespenaren erakusgarri; baina, batik bat, hitzak ekintza eta asmoak ondorio bilakatzeko, gainerako egun guztien balioa nabarmentzeko, eta egun horien barruan, pertsona eta erakunde guztiena.