Lagun Aro GBCren porrota Bartzelonan
Urrezko bikotearen esanetara
Lasoren mutilek ez zioten eutsi Juan Carlos Navarro eta Ricky Rubio Europako txapeldunek ezarririko erritmoari eta egurra jaso zuten.
BARTZELONA 83
LAGUN ARO GBC 54
Arnaitz GORRITI
Zaila zen oso Lagun Aro Gipuzkoa Basketentzat Palau Blaugranan duela hiru urteko balentria errepikatzea eta, bada, ez zen errepikatu. Errazegia izan zen, hala ere, donostiarren porrota, errazegi egin baitzuten alde Xavi Pascualen mutilek markagailuan eta errazegi jaitsi baitzituzten besoak Pablo Lasorenek.
Bestela esanda, ez da erraza norbere gustuko jokoa egitea Rubio-Navarro bikoa hain ederki ari denean. Bi horiek osatzen dutena ez baita alperrik Bartzelonaren urrezko bikotea. Pasa den irailean jokaturiko Eurobasketean urrezko domina lortu eta gero, izena eta izana eskutik doazela erakusten jarraitzen dute, eta aurkariek beraien esanetara makurtzea beste aukerarik ez dute sarri. Atzo ere hala gertatu zen.
Gipuzkoarrek bi unetxotan baizik ez zuten aurrea hartu markagailuan: 2-3, Pankoren hiru jaurtiketa libreren ostean, eta 4-5, Doblasen birrintze bati esker. Aurreneko abantaila Navarroren bonbatxo batek desagerrarazi zuen; azkena Rubioren hiruko batek. Azken horrek lehertu zuen behin betiko markagailua, beste hiruko batekin eta birrintze eder batekin amaitutako kontraeraso batekin batera. Akordatzerako, 12-5 zegoen markagailua eta, egiari zor, hortxe amaitu zen guztia. Donostiarrek lantzean behin saskiratze politen bat lortu arren -Barbourren birrintze eder bat kasu-, kataluniarren abantailak gorantz baino ez zuen egiten. Hala, 18-9 amaitu zen lehen laurdena eta atsedenaldian 42-28ko emaitza adierazten zuen markagailuak. Bigarren zatian aurrenekoan adina egur jaso zuten gipuzkoarrek.
Epi, aitaren aurrean jokatzen
Partida oso azkar galdutzat eman arren, ahalik eta duinen aritzen behintzat saiatu zen Donostiako taldea. Xavi Pascualek berak ere bere jokalari guztiei eman zien jokatzeko aukera, tartean baita ia inoiz jokatzen ez duten Jordi Trias edo Xavi Rabaseda bezalako jokalariei ere.
Alabaina, historiarako geratuko den aldaketa Pablo Lasok egin zuen, Edgar San Epifaniori -ikusleen artean zegoen Juan Antonio San Epifanio Epi mitikoaren semeari, alegia- jokatzeko aukera eman baitzion entrenatzaile gasteiztarrak. Hori bai, jokatu zituen 13 minutuetan ez zuen punturik saskiratu San Epifaniok; nahikoa lan izan zuen Navarro defenditzen.