GARA > Idatzia > Mundua

Gutxienez 26 lagun hil dira Indonesian ferry bat hondoratu eta gero

Gutxienez 26 lagun zendu ziren atzo Sumatrako mendebaldeko kostaldean ferry bat hondoratu ondoren. Horrez gain, dozenaka bidaiari desagertuta daude. Sorospen taldeen arabera, olatu bortitzek erreskate lanak zaildu arren 250 lagun onik ateratzea lortu zuten.

GARA |

«Dumay Express 10» izeneko ferrya hondoratu zen atzo Sumatrako kostaldean Sumatra bera eta Singapur astintzen ari den denboralearen eraginez. Ondorioz, gutxienez 26 lagun hil dira, tartean bi haur. Indonesiako Sumatra uharteko mendebaldeko kostaldean jazo zen ezbeharra, herrialdearen ipar-mendebaldean.

Riau probintziako autoritateek igorritako informazioaren arabera, sorospen taldeek 250 lagun erreskatatu dituzte dagoeneko, baina, zehaztu dutenez, dozenaka desagertuta daude oraindik ere. Istripua gertatu zenean, hamabi haur zihoazen gutxienez «Dumay Express 10» ontzian. Sumatrako agintariek azaldu dutenez, eguraldi txarra erreskate taldeen lana izugarri zailtzen ari da.

Hildakoen eta onik ateratakoen kopuruak eman ostean, Edwin Indonesiako Armadako teniente koronelak argi utzi zuen hildakoen kopuruak gora egin dezakeela. Izan ere, ez dago batere argi zenbat lagun zihoazen «Dumay Express 10» ontzian hondoratu zen unean.

Ikerketaren arduradunetako batek azaldu duenez, «ontzia gainkargatuta zergatik zihoan» ikertzen ari dira uneotan, horrela izatea «onartezina» baita. Ikerketa horren bitartez itsasoratzeko baldintzak egokiak ote ziren argitzen ere saiatuko dira, baita, baldintzak egokiak ez baziren, kapitainak itsasora ateratzea zergatik erabaki zuen ere.

Itsasontziak Sumatrako goizeko hamarretan, goizaldeko bostak Euskal Herrian, izan zuen istripua, Malacako itsasartearen inguruan.

Eguraldi kaskarra

Armadaren eta Poliziaren ontziekin batera, hainbat arrainontzi aritu ziren bizirik gelditu ziren bidaiarien bila. Gaur berrekingo diote lanari, eguraldiak ahalbidetzen baldin badu.

«Olatuek oso gogor astindu zuten ontzia, eta kaskoa hautsi egin zen. Ura sartzen hasi eta ordu erdi batean hondoratu zen», Edwin teniente koronelak azaldutakoaren arabera. «Seguruenik, ferrya hondoratu zen unean bidaiari gehienek uretara salto egingo zuten onik ateratzeko esperantzarekin», gaineratu zuen.

Istripua kostaldetik oso gertu jazo zenez, sorospen lanak azkar hasi ziren. Arrantzale batzuk bidaiariak erreskatatzen zituzten bitartean, beste batzuk salbamendu-jakak banatzen aritu ziren uretan zeudenen artean.

Gisa honetako hondoratzeak ez dira arraroak Indonesian. 17.000 uhartez osatutako artxipelagoa da Indonesia eta ferrya da garraiobide erabiliena. Azken istripu larria iragan urtarrilean jazo zen Sulawesi irlatik gertu; 335 lagun zendu ziren orduan.

IKERKETA

Abiatutako ikerketak baieztatu duenez, onik ateratakoen kopurua bera baimendutako bidaiariena baino altuagoa da: 226 lagun garraiatzeko baimena zuen ontziak eta 250 atera dituzte onik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo