Iruñea | Txapelketa Nagusia 2009
Bertso gosea ase ezinik
Badira bertso gosea ase ezinik txapelketaren saio guztiak irentsi dituztenak. Gogoz gainera. Badira moko finagoak ere, betekadarekin amaitzeko arriskurik gabe, saio bakanez gozatu dutenak. Bertsolaritzak guztiontzat du tokia, zaletasunak zaletasun.
Xole ARAMENDI
Arratsaldeko hiru eta erdiak dira. Oraindik bi ordu geratzen dira saioa hasteko baina Intxaurraga anaiak Anaitasuna pabiloiko leihatilan daude dagoeneko. Lehenak izan dira iristen. «Sarrerarik gabe gatozenez, badaezpada garaiz iritsi gara. Sekulako ilara egongo zela pentsatu dugu, baina ez da hainbesterako», adierazi du Iraitzek.
Zeanuritarrak izaki, Unai Iturriagaren alde egiteko asmoz datoz. «Gaur bai, gaur seguru ondo arituko dela», diote biek.
Zaldibiatik iritsitako bikote gazte bat ere, atzerago, txartelak erosi zain dago. «2005eko txapelketarekin alderatuz gutxiago mugitu gara. Tolosako saiora joan ginen, baina besterik ez. Denbora askorik ez eta pereza pixka bat ere bai...».
Anparo Azkarate iruindarra ere leihatila ireki zain dago. Euskaldun berria, hizkuntzarekin batera bertsolaritzaren altxorra deskubritu zuen. «Zerbait ulertzen hasi bezain pronto animatu nintzen», dio.
Ez daki zehazki zerk, baina erabat lotu du bertsoak. Izan ere, bere ustez, «bi mutur daude: maitatu ala gorrotatu. Bertsolaritzan ez dago tarteko biderik».
Sarrera nagusian ere ilara egin da. Sarrerak aurrez eskuratutakoena da. Zugarramurditik datoz Kote Agerre eta emaztea. «Ez gara zale amorratuak, lehenengo saioa dugu», azaldu dute. Gazteak indartsu datoz. Horiek sartzeko beste batzuk atzean geratu behar, esan diogu. «Horixe da txapelketa», nabarmendu du.
Azkoitiko Jose Inazio Azpitarte eta alaba, autoa hartu eta batere perezarik gabe, saio guztietara joan dira aurten. Presa alde batera utzi eta egun pasaz gozatu dute. Gaur emaztea ere elkartu zaie. Senarrak Egañari jantziko lioke txapela, emazteak, berriz, Arzallus du kuttuna. «Zaila dago, dena den, Egañari kentzen», onartzen dute.
Areto barrura sartzeko egin beharreko egonaldiak denerako aukera ematen du. Bezperako saioa aztertzen entzun daitezke batzuk. Edo nor bere faboritoaren abileziak txalotzen. Azpeitiko neska koadrilan ezin ados jarri. «Amets, Maialen, Sustrai....», hasi dira banan-banan faboritoez galdetuta. «Pike sanoa da», argitu dute, orain denak ados.
Durango, Oñati, Beasain, Gasteiztik dator hurrengo taldea. Hauek ez dute desadostasunik. Guztiak Julio Soto txalotzera datoz. Haren ikaskide izanak dira. Animoak entzun bakarrik ez, ikusi ere egingo ditu, pankarta hartuta datoz eta. «Bertsoa biluzten duna lau urte barruko txapelduna» dio gaurkoak. Saio bakoitzerako desberdina egin behar eta horretarako Jon Uriarte buruari eragiteko prest. «Asko eskertzen du. Saio guztietara joan gara, ea finalera sartzen den. Bera tarteko zaletu gara bertsoekin», azaldu du Uriartek. Bazkari ederra eginda datoz.
17.30ak dira. Ilara agortu da. Bertso festa hastera doa.