GARA > Idatzia > Kultura

Goi mailako sukaldariak, goi mailako gastronomiarentzat

Sukaldaritza zortzigarren artea bezala begiratuta, irudimena, magia edo, besterik gabe, zentzumenei eskainitako festa gisa identifika daiteke San Sebastian Gastronomika kongresua. Jana, edana eta profesionalak, denak bat, asteazkenera bitarte, Kursaalen.
p057_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

Euskal Herriko goi mailako sukaldaritzaren erreferente nagusienentzat, hau da, Juan Mari Arzak, Pedro Subijana, Hilario Arbelaitz, Andoni Luis Aduriz eta Martin Berasategirentzat, «gainontzeko kongresuengandik desberdina den» ekimena da San Sebastian Gastronomika, non Japoniako sukaldaritzak toki berezia izango duen.

Atzo hasi eta asteazkenera arte iraungo duen edizioa, lau zati desberdinetan banatuko da: «Alta», goi sukaldaritzari eskainia; «Off», hotel, jatetxe, ardo eta pintxoei garrantzi berezia emango diena; «Popular», gizarteari zuzendutako probaketa eta ikuskizunetan oinarritua; eta «Market», sektoreko profesionalei zuzendutako feria.

Esan bezala, kongresuan Japoniako sukaldaritzari garrantzi berezia emango zaio, hortaz, 35 sukaldari japoniarrek eskainiko dituzten ikastaroak izango dira zitarik azpimarragarrienak. Roser Torras San Sebastian Gastronomikako zuzendariaren arabera, «sushirik tradizionalenetik enfants terribles delakoetarainoko bidaia» eskainiko dute Japoniatik etorritako profesionalek. Jiro eta Teiichi Ono, Yukio Hattori, Hiroyoshi Ishida eta Yoshihiro Nirasawa izango dira Donostian Euskal Herriko sukaldari garrantzitsuenekin bat egingo duten gonbidatuetako batzuk. Euskal sukaldariez gain, baina, nazioarteko beste hamaika gonbidatu izango dira Kursaalen. Batzuk aipatzearren, Carme Ruscalleda, Ferran Adria, Hans Valimaki, Rene Redzepi, Heston Blumenthal eta Wylie Dufresne.

Analisiak, lehiaketak...

«Beti bezala! Inoiz bezala!» lelopean, San Sebastian Gastronomikak 2009an izan diren gora-behera gastronomikoen inguruko analisi zabala eskainiko du, hizketaldiekin, hotel eta jatetxeetako zerbitzuei buruzko hitzaldiekin, ardo lehiaketekin, eta gazteentzako sukaldaritza osasuntsuari buruzko ikastaroekin, besteak beste.

Kongresuaren barruan, Euskal Herriko Pintxo Lehiaketa ospatuko da, Euskal Herriko miniaturazko sukaldaritza analizatuko da, haragiaren munduan bidaia sakona egingo da eta ikusle guztiei zuzendutako hamaika ekitaldi antolatuko dira.

Guztira 150 erakusmahai zabalduko dira Kursaal osoan zehar, 1.200 ekoizlek parte hartuko dutelarik. Torrasen arabera, datu positiboa da hori, aurreko edizioarekiko erakusmahai kopurua %30 hazi dela esan nahi baitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo