GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Txapelketa Nagusia 2009

Burura lehendabizi etorritakoarekin kantatu behar al da?

Agin REZOLA | Bertsolaria eta Info7 irratiko esataria

Bakarkako gai irekiek alde onak eta txarrak dituzte. Alde ona bertsolariak nahi duena kantatzeko askatasun gehiago duela da eta txarra, edo ez hain ona behintzat, zeri buruz kantatu nahi duen erabakitzen denbora joaten dela. Gaia entzun eta burura lehendabizi etorritako ideiarekin konforme ez, eta bertsolaria maiz buruari bueltaka aritzen da bere gustuko bidearen bila, bide horrek baldintzatuko baitu gero bertsoaldi osoa. Ondo pentsatuta hartu beharreko erabakia da beraz. Hala ere, batzutan hobe izaten da burura etorritako lehendabiziko ideiarekin abiatzea eta, etorri den lehendabiziko gai horrek bertigo pixka bat emanagatik, lanari ekitea.

Atzo bi aldeak ikusi genituen: burura lehendabizi etorritako gaiarekin kantatu zutenak eta bueltaren bat eman ziotenak lehendabiziko gai horretatik ihesi. Saio osteko korrillo horietako batean aipatu zuen Amets Arzallusek txapelketari buruz kantatzea etorri zitzaiola lehendabizi burura (Gaia: Etxeko leihotik begiratu eta kazetari mordo bat zain dagoela ikusi duzu), baina hura baztertu eta beste gai baten bila pasa zuela denboraren erdia. Loteriari kantatu zion eta lan ona egin zuen, baina ez dakit, denbora hori burura etorritako lehendabiziko ideian inbertituz gero, nolako saioa egingo zuen Arzallusek. Horrekin ez dut esan nahi Ametsek txapelketari kantatu behar zionik; ideia horri garatzeko biderik ikusi ez bazion, ez zion ikusi eta kitto. Unai Iturriagak abiapuntu erabat ezberdina aukeratu zuen. Unairi burura etorritako lehendabiziko ideia, Polizia bere bila etorriko zela izan zen eta erabakia zuen, saioa hasi aurretik, burura etorritako lehen ideiarekin kantatuko zuela. Horrek denbora gehiago eman zion bere hiru bertsoetan kontatu nahi zuena zer zen erabakitzeko eta hori antzeman zelakoan nago atzo. Iturriagak bertigo pixka batekin aukeratu zuen bakarkako bidea, baina pentsatzen zuena kantatu zuen. Gai irekia izatearen alde onaren erakusgarri beraz. Beste horrenbeste esango nuke Onintza Enbeitaren bakarkako lanari buruz. Txapelketa Nagusiko lehen emakumezko txapeldunaren paperean jarri zuen bere burua eta horren aitzakian emakume bertsolarien errealitateari abestu zion. Pentsatzen, sentitzen eta bizi zuenari abestu zion azken batean, eta hori lortzen denean, bertsolaria etxera gustura joan daitekeela iruditzen zait. Hori da Iruñean izandako 1.800 iritzietako bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo