GARA > Idatzia > Kultura

Joan Mari Torrealdai Liburuaren Gaueko protagonista izan zen atzoko ekitaldian

p048_f02_97x92.jpg

GARA | DONOSTIA

Atzo iritsi zen euskal liburugintzaren alorreko elkarteek urtero bultzatzen duten ospakizunaz gozatzeko unea. Victoria Eugenia antzokiak hartutako ekitaldian, Liburuaren Gaua ospatzeko parada izan zen eta, bide batez, aurten saritua izan zen Joan Mari Torrealdairen ibilbidea gogorarazi zieten bertaratutakoei.

Hala ere, Euskal Idazleen Elkarteko presidente Fito Rodriguezek, bere agerraldian argi utzi zuenaren arabera, Torrealdaik ez luke atzokoa sari gisa hartu behar. Thomas Bernhard idazle austriarraren adibidea azaldu zuen Rodriguezek, zeinek sariekiko gorrotoa sentitzen zuen. Ezberdintasun nabariak ikusi zituen, halaber, EIEko presidenteak bien artean; gehienbat Torrealdaik inguruan sortzen duen estimua dela-eta. Bide batez, «Euskadunon Egunkaria»ko zuzendaritza taldeko partaide izateagatik jasandako zigorra salatu zuen Rodriguezek. Azkenik, taldearekiko elkartasuna nabarmentzen amaitu zuen bere mintzaldia.

Azkenean, sariak izan dezakeen esangura alde batera utzita, Joan Mari Torrealdaik Dabilen Elea deiturikoa jaso zuen. Garaikur honen esanahia, urtero Liburuaren Gauaren barruan ematen dena, euskal liburugintzaren alorrean ibilbide jakin baten lana aitortzea da. Iaz Antton Olariaga izan zen sariduna eta atzo berari egokitu zitzaion Torrealdairi saria ematearen erantzukizuna.

Joan Mariren ibilbidetik nabarmendu daiteke Idazleen Elkartearen sorreran izatea, «Anaitasuna» eta «Jakin» aldizkarietako zuzendari izatea, «Euskal idazleak gaur» saiakera eta «Euskal kultura gaur» ikerketa argitaratzea eta euskarak mendeetan zehar jasandako erasoak biltzea «El libro negro del euskera» lanean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo