Jean-Louis Davant idazle zuberotarrak irabazi du Nabarraldek eskaini duen lehen saria
Idoia ERASO | BAIONA
Nabarraldek lehen aldiz banatuko du aurten elkartearen izena duen saria. «Herri honen historia eta memoriaren kontzientziaren alde ongi idatzi duen lanagatik» Jean-Louis Davanti emango diote lehen sari hori. Horren berri izandakoan sarituak honakoa adierazi zuen: «Opariak jasotzean beti pozik gaudela aitortu behar da, merezi ez badut ere».
Idazle zuberotarraren lana eta ibilbidea omendu nahi izan dute Nabarraldekoek. Urteetan gauzatutako ekinbideak gaurkotasun osoarekin segitzen duela nabarmendu zuen Davantek: «Zoritxarrez euskararen eta kulturaren alde oraindik borrokan segitu behar dugu». Egin beharreko lana bezain luzea izango den aitortza saio bati eman nahi dio hasiera talde nafarrak.
Lagun artean
Elkartekoek saria zuberotarrari ematean Nafarroarekin duen lotura handia agerrarazi nahi izan zuten: «Gurean ezaguna da euskaltzaina, lan asko argitaratu baitu gurekin, hitzaldiak eman, ikastaroetan parte hartu... Ibilbide oparoko gizona da, idazle oparoa, kulturan jantzia inor baino hobeki». Jean-Louis Davantek ere lagunartea aipatu zuen sariagatik esker ona agertzean: «Lagunen arteko gauza da eta hori beti atsegina izaten da». Denei eskerrak emateko gauza batzuk esateko parada aprobetxatu behar dela gaineratu zuen Davantek.
Nabarralde saria Nafarroaren Egunean eskainiko du elkarteak, hau da, abenduaren 3an, Getariako Udalaren atarian. Egun horri buruz zeresan handia izan zuen sarituak. «San Frantses, Nafarroaren eta euskararen patroia da. Nafarroako lehen hizkuntza izan zenak baztertua segitzen du. Xabierren hizkuntza izan zena, berak idatzi zuen bezala».