GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander Garro idazlea

Argazki bat handitasunari

 

Harriduraz irakurri nuen lehengoan Gari abeslariari «egunkari gipuzkoar batek» egindako elkarrizketa. Beti pentsatu izan dut harrokeria azaltzea oso gauza delikatua dela, batik bat harrokeria txikia den norbaitengandik datorrenean. Harroputza izatea ez dago edonoren eskueran. Ez da beti zilegi. Oteiza matxinatuta eta suminduta ikusten genuenean, bere jenialtasunean, bere zinezko haserrealdian, onartu egiten genuen, akaso arriskuan ikusten genuelako, sosak banatzen dituztenekin dema itsuan, boteredunen aurka. Herri txikia da geurea, kultura txikia. Idazle, musikari eta artista txikiak ditugu, anonimotasunaren ataka apenas gainditzen dutenak, geurean ezagun eta Bilboko Gran Vian arloteekin nahasten dituztenak. Horrexek eman behar liguke neurria, xumetasuna. Baina Gari, argazkietan, eguzki betaurrekoen ezkutupean, doilor eta ahobero agertzen da. Zergatik dago ozpinduta? Herri txorakeriazkoa omen da geurea, beti banderen astinaldiei beha. Eta bera “potrotaraino” dago. Gaur bertan, “Berria” egunkariko azalean aste honetan atxilotutako neskatila bat agertzen da. Zaila da argazki esanguratsuagorik asmatzea: neskak, piztia handien arteko printzesa zirudien, dotore, eder, grinatsu. 34 atxilotu. Egin ezazue matematika pixka bat… atxilotuak espainiarrak balira, 500 lirateke. Imajinatu 500 lagun giltzapean, gazte erakunde bateko kide izatea egotzita: normaltasun demokratikoa! Horretan bakarrik gara handi, jendetsu, zaratatsu eta ospeko: errepresioan. Nor eta Gari haserretu da, ordea, zergatik ere ez dakien arren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo