Xabier Silveira Bertsolaria
Herri bat kartzelan
Españak ez daki hitz egiten, burua zapaltzen ari ez bazaizu behintzat ez. Españak ez daki maitatzen, gorrotoz eraikia izan zelako; ez daki izaten, ez delako. Baina badaki ez izaten uzten, edo izaten ez uzten
Ez da zaila ulertzen, ez da zaila antzematen zertan dabiltzan. Zailena pairatu behar izatea da, beste behin ere. Gaiztoak, betiko gaizto. Egurra betikoek jasotzen duten herria da-eta hau...
Beste kolpe bat. Dozenaka datoz orain.
Zer uste genuen, bada? Musu truk izango zela gatazka beste esparru batera eramateko saiakera? Españak ez daki muxurik ematen, ezta jasotzen ere. Españak ez daki hitz egiten, burua zapaltzen ari ez bazaizu behintzat ez. Españak ez daki maitatzen, gorrotoz eraikia izan zelako; ez daki izaten, ez delako. Baina badaki ez izaten uzten, edo izaten ez uzten. Eta horretan dabil. Edozer aitzakia aldrebes erabiltzen dute izan nahi duguna izan gaitezen oztopatzeko, eta orain, egin nahi duguna egin nahi ez izateko. Ez dira konturatzen alfer-alferrik dabiltzala, baina bai, horretan dabiltza. Bide berriari hesiak guk geuk jartzea nahi dute. Joko zelaia beraiek hautatu behar izaten baitute partida hasi aurretik irabaz dezaten.
Euskal Herriko gazteriak pairatu duen erasorik handienaren aurrean gaude zalantzarik gabe. Kontua da, zergatik orain? Aspaldiko «kale pasibitatea»ren momentu gorenean horrelako atzaparkada bat eman izanak adierazten digu, nik uste, egungo aldaketa prozesuak berpiztu diela garai bateko suak piztu zien beldurra. Egiten zena egin gabe helmuga berdinerantz abiatu izanak kakalarria sorrarazi die inperioko estrategei. Orain baina, nola erantzun? Nola erantzuten da inoiz erabili ez den diskurtsoarekiko koherentzia galdu gabe? I don`t know, brother!
Irudimena izan da botere desberdinei aurre egiteko erabili den hitz magikoa. Hitz magikoa diot, botereei aurre egiteaz askok hitz egiten duelako, baina armekin egin ez duenik apenas ikusi dut inoiz. Irudimena, sekula pauso bat aurrera eman ez dutenen aitzakia magikoa izan da. Horregatik ez dago eredu fidagarririk, irudimenak birjin jarraitzen duelako borroka moldeei dagokienez. Egin dezagun saiakera bat. Baina ez nahastu irudimena, mesedez, iragana ispilu teknologikoki aurreratu baten parean ipini eta gero buelta ematearekin, mesedez. Gure irudimenak beraien komunikabideen erabateko menpekotasuna badu, ahaztu. Beraiek ere badaukate-eta irudimena pilaka.
Portzierto, eta irudimenaz ari garenez, zilegi bekit semi-parabola. «Egunkaria»ko auzian auzipetutakoak ETAko izateaz epaituko dituzte gutxi barru. Hori ere ETAren errua izango den zalantzarik ez daukat baina, gertakizun hain larri baten aurrean elkarretaratze batzuei argazkiak ateraz egin behar al dugu protesta? Bestela, bertso saio bat antolatu zitekeen, gogor erantzuteko.
Ez, ez dira bromarako gaiak, nahiz eta broman hartu ez daitekeen gai seriorik ez dagoen, eta are gehiago, broman hartzerik ez bada ez da oso serioa. Baina tira, zuen seriotasunaz fio naiz eta...
Ez diezagutela etsiarazi, ez dezagun etsi. Eutsi, iritsiko baita, iritsi, garaipenaren eguna. Moldeak eta jende uholdeak bideratu beharko dira, bihar, etzi, ez dezaten esan, ez dezaten esaterik izan, A-8aren bi aldeetan herri zati bat izan zen.