GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Musika elkarteak

Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea

Musikari askori musikatik bizitzea gustatuko litzaioke. Musika esaten dudanean, rocka eta enparauetara begiratzen ari naiz. Musika lanbide izan aurretik, bidaide izan ohi da. Musikazalearen gogoa  musika afizio izatetik ofizio izatera ailegatzen denean, lanbidea da hitza, bizitza. Beste musikazale askok ez du urrats hori eman nahi, lanbide hitzak berak atzera botatzen dituelako eta musika bera desitxuratu baino ez duelako egiten.

Bi munduen arteko talka. Batzuen industria besteen autogestioarekin konpondu ezinean. Musika beti izan daiteke hizpide, gutxiagotan lanbide duin eta aske. Autogestiotik etor dakizkigukeen ideiak dira soldata eta lanaren beraren ukazioa; honek sistemaren antolaketa desberdina ekarriko luke eta hor agian afizioa ofizio bihur liteke. Musikaren industriaren gaineko gogoeta laburra. Euskal Herrian musika industriaren lehen jardunaldiak antolatu dira. Musika enpresek sortutako elkarteak oso gazteak dira eta gehienak Jaurlaritzarekin bitartekari izateko jaioak, haren laguntzarik gabe nekez elkartuko ziren musika enpresak, edo inoiz ez. Musika industriak Euskal Herrian oso historia eta ibilbide laburra du.

Oker ez banaiz, musikaren industriaren lehen jardunaldiak dira eta beste herrialde txikiekin konparatuta atzeratuta gabiltza. Estatu handiei erreparaturik, hiru hamarkadako atzerapena gaineratu beharko litzaioke Euskal Herriko musikaren industriari. Euskal Produktoreen Elkarteak (EUPREL) antolatutako jardunaldiotan egon zirenak zeudela esatea lerdokeria da, baina egon ez zirenen zerrendan nabarmena izan zen. Euskal Herriko beste elkarte indartsu batek, EHDEk (Euskal Herriko Diskoetxeen Elkartea), urteko bilera arrunt batera dei egin zuen, jardunaldiak zirela jakinda. EHDEren eszisioa EHME ez zen agertu ere. Sektorean (industriakoan) manager eta zigiluen arteko harremana gutxitan izan da gogotsua, azken aldian bazen elkarteen elkartea egiteko zantzua. Orain? Enpresa bakoitzak bereari eutsiz nahikoa du, eta gero egingo dizkio ekarpenak elkarteari.

Hemengo industria azaleratu berriak egonkortasun falta itzela du. Geografia politikoaren eta kulturalaren mugek desabantaila gaindiezina dute. Euskal Herria noiz izango da euskal eta herri? Gero, negozioaren neurriak oso txikiak, beraz negozioaren bizitzak ez dira oso oparoak (salbuespenak salbu). Enpresen arteko ezin ikusiak. Txikiek eta handiek, denek dute zer aldarrikatu. Hizpideak jardunaldietan: industria versus militantzia, intrusismo terminoa gainditu beharra, kultura industria bilakatzearen ajeak, kultur eragile autonomoen lana, herri dinamikak instituzioen funtzionariotasunaren aurka, kulturarekin politika egiten zen, gaur, ordea, politikarekin kultura egiten da, emakumeen eta euskararen presentzia urria, telebisten defizita musika saioak programatzean. Kultur politika eskasa eta diru laguntzen eskasia...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo