Arantxa Vazquez eta Ainhoa Etxaide LABeko kideak (*)
Publikoak, unibertsalak eta kalitatezkoak izan behar duten zerbitzu sozialen alde
Administrazioek gastu publikoa handitu behar dute (Europar Batasunaren batez besteko gizarte-gastua %4,5ekoa da, Hego Euskal Herrian ez da %2ra iristen), zerbitzu sozialak unibertsalak eta kalitatezkoak izatea bermatzeko eta enplegu publikoa sortzeko
Noizbait, zerbitzu sozialen beharra izan dezakegu, desgaituren bat zaintzeko, laguntzaren bat tramitatzeko, tratu txar matxistetan lagun gaitzaten... Administrazioek aipatu zerbitzuak duinak eta berehalakoak izatea bermatu behar duten honetan, tupust egiten dugu hainbat oztoporekin.
Eskaintzak eskaria gailentzen du. Zerbitzuak gainezka daude eta krisialdi ekonomiko eta sozial honetan, eskatzaileen kopuruak gora egin du. Langabezia-laguntzak agortzen hasi dira, adineko emakumeek gutxiengo pentsioa jasotzen dute, etorkinak araugabeko egoeran daude... Lana mukuru izate horrek berarekin dakar ohikoak eta premiazkoak diren edo presaz egin behar diren tramiteak atzeratu beharra, egoera benetan larriak sortuz.
Tamalez, neoliberalismoak egituratzen ditu egungo zerbitzu sozialak, alegia, pertsonen gizarte eskubideak negozio bihurtzen dira. Honela, erakunde pribatuek nagusiki kudeatutako sektore batekin egiten dugu topo; hauek, zerbitzu kalitatearen kaltean, beren emaitza-kontuak lehenesten dituzte eta aipatu erakundeek (irabazi-asmoko erakundeak) finantzatu eta kudeatutako zerbitzuen kalitatea nahiz publikoki finantzatuen eta sektore pribatuak kudeatutakoen kalitatea txikiagoa da esparru publikoak kudeatu eta finantzatutakoena baino. Are gehiago, kostua handiagoa da. Enpresa pribatuek kualifikazio txikiagoko langileak kontratatzen dituzte, profesional kualifikatuen kopurua urritzen dute, diru asko aurreztuz.
Laburbilduz, zerbitzu sozialetan lan baldintzek nabarmen egin dute okerrera eta emandako arretaren kalitateari larriki eragiten dio horrek. Sektoreko langileek egoera oso kaskarra dute. Alde batetik, beren lana ez da balioetsia, eta bestetik, langile gehienak emakumeak dira (pertsonen zaintza, lehen eta orain, eurei esleitzen zaie). Prekarietatea, aldi batekotasuna, lanaldi astunak, ratioak ez betetzea, huskeria baten truk lana egin beharra, probintzia mailako hitzarmenik ez izatea, pribatizazioak, urteko lanaldi luzeak, subrogazioak jasotzen ez dituen kontzertu-sistema... Hori da langileen eguneroko bizipena. Zer esan esparru honetako lan osasunaz; langile askok bizkarreko eta zerbikaletako arazoak izaten dituzte, edo giltzaduretako mina, egokitu gabeko etxeetan lan egin behar izaten dutelako. Gainera, bestelako gaixotasunak ere jasaten dituzte, depresioak, antsietatea, estresa, uztardura sentikorra, eta abar... Gaitz horien sorburua pertsonak zainduz lan egiteak berarekin dakarren eskakizunean eta sektorearen beraren ezaugarrietan (hala nola, desarautzea) dago.
Horregatik, gizarte zerbitzu sistema publiko eta unibertsalaren beharra aldarrikatzen dugu. Honek, beste sistema publikoekin batera, gizarte-ongizatea sustatzea izan behar du helburu, pertsonei gaitasuna eta aukerak ematea, bizi-baldintza duinak eskuratzen utziko dieten baliabideetara heltzeko eta horiek kontrolatzeko.
Administrazioek gastu publikoa handitu behar dute (Europar Batasunaren batez besteko gizarte-gastua %4,5ekoa da, Hego Euskal Herrian ez da %2ra iristen), unibertsalak eta kalitatezkoak diren zerbitzu sozialak bermatzeko eta enplegu publikoa sortzeko. Aldi batekotasunari, prekarietateari, desarautzeari, soldata apalei, lanaldi luzeei, pribatizazioari, gainkargei, aberastasuna modu bidegabean banatzeari, gizartearen aurkako zerga politikari... amaiera eman behar zaio. Baita egoitzetan lekurik ez izateari, berez kaskarrak diren oinarrizko errenten tramitazioan epeak ez betetzeari, bitako ordainketari eta zorren onarpenari (jendea, zaintzearen truk, etxebizitza galtzera irits daiteke) ere. Eta gainditu beharreko egoera gehiago ere bada: hezkuntza baliabide faltagatik adin txikiko egoitzetan kudeatu gabeko espedienteak, egoitzak erabiltzen dituzten pertsonek jasotzen dituzten zerbitzuak kalitatezkoak ez direla eta egiten dituzten salaketak...
LABek hori guztia salatu eta gure aldarrikapenak ezagutarazteko zerbitzu sozialen aldeko ibilbidea egin dugu, Hego Euskal Herriko hainbat herri lotuz. Ez digute ziririk sartuko gizarte eskubideez egiten duten propaganda operazioekin eta bermatutako prestazioekin: horiekin beren ikuspegi ekonomizistak, pribatizatzaileak eta ezberdintasun sortzaileak ezkutatu nahi dituzte.
Sektorea antolatzeko deiarekin batera, zerbitzu sozialetan lan egiten duten pertsonen interesen alde borrokatzeko deia ere egiten dugu, guztion artean zerbitzu sozialetako benetako sistema publikoa osa dezagun, zerga-politika, aurrekontua eta aberastasuna birbanatuko duen baliabideetan oinarritua. Sistema horrek jendartearen beharrak betetzea erraztu behar du, jendarte berdintasun handiagoa lortzeko bidean, zerbitzu sozialen arloan duintasuna eta kalitatea bermatuz.
(*) LABeko sektore soziokomunitarioko arduraduna eta idazkari nagusia, hurrenez hurren.