GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bi mila hautetsik Udalbiltzari babesa adieraziko diote NBEn

Epaiketa zehazki noiz hasiko den jakin gabe, euskal lurralde guztietako eta joera politiko orotariko ia bi mila hautetsik Udalbiltzaren aurkako epaiketa errefusatu dute Nazio Batuen Erakundera helaraziko duten adierazpenean. Bertan, Espainiako Erresuma salatu eta euskal herritarrek «euren erakundeak sortu eta garatzeko» duten eskubidea aldarrikatu dute.

p014_f02_321x321.jpg

Oihana LLORENTE

Lan instituzional eta demokratikoa «jarduera terrorista»tzat hartu izana errefusatzeko ia bi mila udal hautetsi eta hautetsi ohik Espainiako Erresumaren aurkako salaketa aurkeztuko dute Nazio Batuen Erakundean, bertara helaraziko duten adierazpenarekin. Donostian haietako askok eskainitako agerraldian, Udalbiltza eta bertako hautetsi eta langileen aurka Auzitegi Nazional espainolean abiatzear den epaiketa «irmoki» salatu eta bertan behera gelditzeko eskaria egin dute, instituzio nazionala «zilegi eta beharrezkoa» dela defendatu ostean.

Arrasateko alkate ohia, Xabier Zubizarreta, eta Donostiako Aralarreko zinegotzi Ainhoa Beolak aurkeztu zuten adierazpena, eta Udalbiltzaren sorrera eta garapena «herrien determinazio librearen eskubidearen babespean» kokatzen dela sostengatu.

Sentsibilitate politiko askotako eta euskal lurralde guztietako hautetsiak daude sinatzaileen artean eta horren lekuko atzoko agerraldira bertaratutako zinegotzi andana. Horien artean, besteak beste, Getxoko alkate ohi Iñaki Zarraoa jeltzalea; Zumaiako alkate eta EAko kide, Iñaki Agirrezabalaga; Leitzako alkate independentista Xabier Zabalo; Donostiako EAko hautetsi Rikardo Burutaran eta Debako Aralarko zinegotzi Joxemari Ostolaza.

Ehunka lagunen babesa jaso duen agiri hori zehazki, Giza Eskubideen Nazio Batuen Kontseilura, Europako Parlamentuko Giza Eskubideen batzordera, Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioari eta giza eskubideen eta arazo juridikoen zuzendari nagusiari eta Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundeko Giza Eskubideen Bulegora helaraziko dituztela eman zuten aditzera.

Aipatutako erakunde eta arduradunei Udalbitzaren aurkako auzia aztertzeko eskaria egiteaz gainera, gurean «erakundeak sortu eta garatzeko eskubidea» babes dezatela ere galdegin dute.

Gasteizko Parlamentuan Udalbiltzaren kontrako auziaren harira duela urtebete aurkeztu zen ez legezko proposamenaren testua gogora ekarriz, euskal herritarrek «era guztietako instituzioak sortu, bultzatu, garatu eta finantzatzeko duten eskubidea errespetatu beharrekoa dela» aldarrikatu zuten atzo Donostian bildutako hautetsi eta hautetsi ohiek.

Amorotoko alkate ohi eta beste 21 lagunekin epaitua izango den Maribi Ugartburuk bere esker ona erakutsi zien sinatzaileei Udalbiltzaren kontrako epaiketan auzipetutako lagunen izenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo