GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Audience boskote gernikarrak zigilu eta «astindu» berriekin josi du laugarren diskoa

Ane ARRUTI | BILBO

«Betiko elementuak hor daude, betiko osagaiak, baina tituluak dioen moduan, beste astindu bat eman diegu», azaldu zuen Hannot Mintegiak, Audience taldeko kideak. Bidehuts zigiluarekin kaleratu dute «A shake in calm water» laugarren diskoa, hamar urteko lanaren osteko emaitza.

«Gauza berriekin ausartu gara, perkusio gehiago dago, instrumentu berriak, erritmo ezberdinak...», esan zuen Mintegiak. Honela, folk eta country ukituko doinuez gain, tango eta swing kutsuko erritmoak ere sartu dituzte.

Andoaingo Garate estudioetan grabatu zuten pasa den apirilean Kaki Arkarazoren gidaritzapean. «Kantu hauek tratamendu berezi bat behar zutela pentsatzen genuen: grabazio analogikoan eta zuzeneko emanalditan oinarritua», esan zuen Gaizka Insunza taldekideak. Aurreko lanetatik ezberdintasuna «prozesuan jarritako esfortzua» izan dela azaldu zuen Ager Insunzak. «Erabaki asko egon dira eta azpimarratzekoak dira nortasun edo identitateari buruzko erabakiak. Bidehutsekin egotea ez da kasualitatea. Epe luzerako loturak bilatu ditugu».

Ingelesez abesten jarraitzen dute eta ahotsetan, hirugarren diskoaren ildotik jarraituz, «armoniak asko landu ditugu, agian energia gehiagorekin». Aurretik nolabaiteko saiakera bat egin bazuten ere, lehenengoz kantu bat euskaraz egin dute: «Betiko». «Kantu bat eta erdi ditugu euskaraz orain», esan zuen Mintegiak.

Getaria eta Zarautz inguruetan grabatutako disko hau zabaltzen duen «Wide man» singlearen bideoklipa ere aurkeztu zuten atzo. Aurkezpen kontzertua etxean egingo dute, Gernikan, datorren abenduaren 11n.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo