Topic, irudimenari irekitako lehioa
Irudimena giltzarri, zabaldu ditu ateak Tolosako txotxongilo etxeak
Maider URTEAGA | TOLOSA
TOPIC Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroak ateak zabaldu zituen lehenbizikoz atzo, urtetako lan gogorra errealitate bihurtuta. Txotxongiloei zuzendutako Europako lehen zentro integrala da Tolosakoa eta museo edo ikuskizunak eskaintzeko gune izateaz gain, arte mota horrekin lotutako hamaika baliabide eskainiko ditu.
Aurkezpen ekitaldia egin zuten bart eguerdian zentroko auditoriumean, hiru eguneko inaugurazio ekitaldiei hasiera emanez. Bertan izan ziren Tolosako Ekinbide Etxeko (CIT) zuzendari Ana Arreche, Kutxako Gizarte Ekintzako Zuzendari Carlos Ruiz, Lakuako Kultura sustatzeko zuzendari Mikel Toral, Tolosako alkate Jokin Bildarratz eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sustapeneko eta Hedapeneko zuzendari den Haritz Solupe.
Ana Arrechek eman zion hasiera ekitaldiari, nabarmen hunkituta. Urteetako esfortzuak azkenean fruituak eman dituela nabarmendu eta bere aitak, Miguel Arrechek, eta Idoia Otegik -TOPICeko zuzendariak- egindako lana goraipatu zuen.
Solupe, bestalde, euskararen sustapenerako izango duen garrantziaz aritu zen, eta «txikienen irudimena garatzeko» baliabide ezin hobea izango dela gaineratu zuen. Halere, ekitaldi osoan zehar argi utzi nahi izan zuten umeek protagonismo berezia hartuko badute ere, helduek ezinbesteko papera beteko dutela TOPICen.
Jokin Bildarratzek TOPICek izandako babesa nabarmendu zuen, eta ohartarazi, proiektua dagoeneko errealitate bihurtu bada ere, aurrerantzean egin beharreko lana garrantzitsua izango dela.
Zentro berri honek erakunde publiko eta pribatuek finantzatu dute eta zortzi milioi euroko kostua izan du bere sorrerak. Euskal Herria plazako Justizia Jauregi zaharrean kokatutako gune honek mundu mailan txotxongilo antzerkiaren arloan erreferente bihurtu nahi du. Era berean, txotxongiloaren ondarea berreskuratzea eta zaintzea da arduradunek ezarri duten beste helburu nagusietako bat. Azken helburu hori proiektu museografikoaren bidez lortu nahi dute. Proiektuaren sortzaile Dani Freixas arkitekto katalanak museoa erakusleihotzat hartzen duen kontzeptu tradizionaletik ihes egin, eta definitzeko «txotxongiloen etxe» dela esaten du.
Zentroaren benetako protagonistak txotxongiloak dira, eta, noski, bilduma adierazgarria jasotzen du TOPICek. Munduko 40 herrialdetako 1.500 txotxongilo biltzen ditu, baina nabarmentzekoak dira, batez ere, Asiako herrialdeetatik iritsitakoak.
Bilduma iraunkorrean, txotxongiloak mugiarazteko izan diren eta egun oraindik erabiltzen diren teknikak erakusten dituzte, hala nola hariak, hagatxoak edo itzalak. Teknika guzti horien nondik norakoak ezagutzeko toki paregabea da TOPIC. Izan ere, zentroak helburu pedagogikoak ere beteko ditu. Hainbat programaren bidez, haurrei taldean jolasten erakutsiko diete; antzezpenak sortuko dituzte, txotxongiloak egingo dituzte eta antzerkiaz gozatzen ere ikasiko dute. Urtero zentrotik 20.000 haur inguru igaroko direla kalkulatzen dute.
Profesionalei dagokienez, arduradunek argi utzi duten beste alderdi bat da zentroak ez duela konpainia egonkorrik izango. Programazioan ahalik eta askatasun handiena izan nahi dute, era horretan jatorri, teknika eta ikuskera artistiko ezberdinetako sorkuntzei eta konpainiei bide emanaz. Hala, onuradun nagusiak euskal konpainiak izango direla berretsi dute, «hurbilago baitaude, ez bakarrik geografikoki, baita kulturalki ere».
Zentroaren banaketa
Bost solairutan antolatutako eraikina du TOPICek. Behealdean 250 ikuslerentzat prestatutako auditoriuma dago, agertoki birakari bat duena. Miguel Arreche eta Idoia Otegik azaldutakoaren arabera, espresuki txotxongilo ikuskizunak hartzeko eraikitako auditoriuma da, eta horren lekuko, emanaldietan ikusle eta txerpolarien artean gelditzen den tarte txikia. Hala ere, beste hainbat ekitaldi ere izango dira bertan, kontzertu edo hitzaldiak esaterako. Eraikin guztiaren barnealdean gertatzen den bezala, gune honetan ere kolore alai eta biziak dira nagusi. Horren alboan, muntaketa eta entsegu lanetarako aretoak kokatuko dira, zentroan jardun behar duten txotxongilo konpainiek beren lanak prestatzeko baliabideak eskura izan ditzaten.
Lehenengo solairuan kafetegia eta buffeta daude, bisitari zein langileentzat zentroko aisiarako eta topaketarako gunea. Bertan, metro batzuetara ageri den beirazko pareta baten atzean ikusi ahal izango dira erakusketa aretoetan lekurik izan ez duten txotxongiloak.
Bigarren solairua, berriz, erakusketetarako erabiliko dute, dela aldi baterako erakusketa, dela iraunkorra. Hasteko, Malitik heldutako panpin ikusgarriek hartu dute estreinakoz espazio hori, eta herrialde horretako jatorrizko musikaz lagunduta, inguru ezin erakargarriagoa bihurtu da jada.
Eskaileretan gora eginez artxiboak, artista eta ikertzaileentzako egoitza, tailer eta ikastaroetarako gelak, administrazio zerbitzuetarako gunea eta dokumentazio zentroa daude. Aurkezpen ekitaldian aipatu duten bezala, pisu berezia hartzen du azken horrek, munduko lehen dokumentazio gunea izango baita berariaz txotxongiloei zuzenduta eta osoki digitalizatuta. Bertan mediateka, bideoteka, ikonoteka eta liburutegia eskura izango dute ikertzaileek ez ezik, txotxongiloen munduan barneratu nahi duen orok.
Laugarren solairua abesbatzek entsegu-lokal gisa erabiltzea erabaki dute, Tolosan tradizio handia duen jarduera den heinean.
Mariona, TOPICeko maskota
TOPICek badu dagoeneko bere panpinatxoa: Mariona. Zentroaren irudia aukeratzeko Gipuzkoako ikastetxeetako lehen hezkuntzako haurrei egitasmoa azaldu zieten, eta proposamenak egiteko eskatu. Azkoitiko Xabier Munibe ikastetxeko Urtzi Odriozolaren ideia izan zen garaile. Aukeratutako proposamena inspirazio iturri izan da Encarni Genua txerpolariarentzat bisitariei TOPIC museora ongietorria ematen dien hiru dimentsioko Mariona ikusgarriari forma emateko. Batek baino gehiagok susto ederra hartuko du trapuzko panpina hitz egiten hasi orduko.