Aipagarriak
Gasteizko eragileen parte-hartzea sustatuko du Hamaika Telebistak
«Hedabideak etorkizunean» jardunaldien barruan, Hamaika Telebistak aurkezpena egin zuen atzo Gasteizen, bertako eragileekin batera lehen urratsak emateko asmoz, horien partea-hartzea bultzatuz. Data zehatzik eman ez bazuen ere, 18 hilabeteren bururako iragarri zuen Gasteizko egoitzaren sorrera tokiko euskal telebista sare honen zuzendari Iñaki Uriak.
Itziar AMESTOY | GASTEIZ
Hamaika Telebistak, euskarazko tokiko telebista sarea izateko bidean, urrats berriak eman zituen atzokoan. Gasteizko eragileen aurrean ekimenaren berri eman zuen Hamaikako zuzendari Iñaki Uriak, guztien parte-hartzea sustatzeko asmoz, eta hedabide honen ezaugarri argia den hurbiltasuna erakutsiz.
Euskarazko Komunikazio Taldeak antolatutako «Hedabideak etorkizunean, biharko komunikabideak eta Internet» jardunaldiak izan dira aste honetan Gasteizko Artiumen. Atzokoan, hots, jardunaldien azken egunean, telebista izan zuten hizpide. Hitzordurik esanguratsuenetakoa 19.30etakoa izan zen, alegia, Hamaia Telebistak egindako aurkezpena. Euskal Herri osoan tokiko euskal telebista bultzatzea helburu duen ekimenak sare kontzeptuarekin egin nahi du lan. Hala ere, urrats finkoak emateko asmoz, oraingoz Bilbon baino ez du igortzen. Atzo Iñaki Uriak jakinarazi zuenaren arabera, urte eta erdiko epean Gasteizen ere izango da, ordea.
Parte-hartzailea izatea da, beste alde batetik, hedabide egitasmo honen ezaugarri nagusietako bat. Hori dela-eta, atzoko aurkezpenean Gasteizen eta Araban esanguratsuak diren hainbat eragile gonbidatu zituzten. Horrela, Hamaika Telebistaren egitasmoen berri bertatik bertara jasotzeaz gain, horiek parte hartzea bultzatu nahi zuten. Behintzat, bide horretan kokatzen den gonbita egin zuen Uriak. Berarekin batera Hamaikako administrazio kontseiluko lehendakari Iñaki Altzagak ere aurkezpenean behar zuen, baina azken orduko arazoak direla medio ezin izan zuen bertaratu. Bestalde, Arabako Kultura diputatua, Lorena Lopez de Lacalle, Artiumen izan zen aurkezpenean, baita lurraldeko beste politikari batzuk ere.
Euskara hutsean egindako telebista baten behar argia dagoela nabarmendu zuen Iñaki Uriak. Hori horrela dela edo horren garrantzia ezbaian jarriz, berak, Bilbon igortzen hasi aurretik, entzundako komentarioen berri eman zion publikoari.
Horren harira, eta Gasteizen euskarazko telebista bat egiteko arrazoiak zalantzan jartzen duenaren aurrean, «euskaldunak eskubideaz gain, telebista euskaldun baten gogoa eta beharra» ere badituela nabarmendu zuen. Hori dela-eta, euskalduntze prozesuan telebistak tresna bezala izan dezakeen indarraz ziur agertu zen. Beste behin ere, bide horretan jarraitu ahal izateko indarrak biltzeko beharra agerian utzi zuen, bertaratutakoen artean parte-hartzea sustatuz.